Itxi

Baskonia

87-86

Baskonia finalerdietan izango da, Unicajari irabazi baitio eta Joventutek galdu

Erredakzioa

A multzoko bigarren sailkatu gisa egingo dute aurrera gasteiztarrek, Bartzelonaren atzetik, eta oraindik ez dute ezagutzen zein talde izango duten aurkari azken kanporaketan

5:22
Baskonia

Kirolbet Baskoniak puntu bakarragatik irabazi dio Unicajari (87-86) Endesa Ligako azken faseko laugarren jardunaldian, luzapena jokatu eta gero. Horrela, Gasteizko taldeak finalerdia jokatzeko eskubidea eskuratu du, jardunaldiko hirugarren neurketan Joventutek 82-80 galdu baitzuen Iberostar Teneriferen aurka.

Arabarrak A multzoko bigarren sailkatu gisa egingo dute aurrera (Bartzelona lehen postuan igaroko da), eta B multzoko lehen sailkatuaren aurka neurtuko dituzte indarrak.

Aurkaria Real Madril, Valentzia Basket, San Pablo Burgos edo Herbalife Kanaria Handia izan daiteke.

Puntu bategatik irabazi dio Unicajari

Unicajak hobeto ekin dio neurketari, saskiratzeak erraz sartuz, eta azkar hartu du abantaila (5-12). Egoera ikusita, Baskoniak defentsa sendotu du, eta 7-0eko partzialalortuta, lehia parekatu du. Lehen hamar minutuak berdinduta amaitu dira (19-19).

Dusko Ivanovicek zuzentzen duen taldeak errebotea hegiago zain du bigarren laurdenean, eta Granger eta Polonara fin ibili dira. Alberto Diazek sartutako hiruko batek moztu du Baskoniaren aldeko 13-0eko partziala. Hala ere, Arabako taldea nagusi izan da laurden honetan, Vildozak eta DRagicek asmatu egin baitute hiruko jaurtiketetan. Kirolbet Baskoniaren defentsa sendoak Unicajaren hutsak eragin ditu, eta talde gasteiztarraren aldeko 44-33ko emaitzarekin heldu da partida atsedenaldira.

Atsedenalditik bueltan hobeto kantxaratu da Unicaja eta hamabost puntu jarraian sartuta, emaitza irauli du (44-48). Lau minutu baino gehiago behar izan ditu Baskoniak hirugarren laurdenean bere lehen saskiratzea lortzeko. Melvin Ejim, Zoran Dragic baino hobeto moldatu da taulapean, eta bi puntuko errentarekin joan da azken laurdenera (54-56).

Azken laurdenari Baskoniak hasiera bikaina eman dio zazpi puntu jarraian sartuta, baina Unicajaren momentu txarrenean Alberto Diazek hartu du taldearen gidaritza, eta norgehiagoka parekatu egin da. Amaierako minutuetara hobeto heldu da Unicaja, eta bukaerarako minutu bat falta zenean bost puntuko abantaila (70-75) izan du. Unicajak hiru jaurtiketa libre huts egin ditu azken txanpan; hala ere, Malagako taldea aldeko 74-76ko emaitzarekin iritsi da azken segundoetara, baina Achille Polonarak neurketa berdindu (76-76) eta luzapena behartu du.

Luzapenean, Gal Mekelek bikain gidatu du Unicaja, eta Malagakoek hiru puntuko errentarekin (83-86) heldu dira azken 45 segundoetara. Henryk hiruko batekin berdindu du partida (86-86), eta amaierarako segundo bat falta zenean Polonarak sartu duen jaurtiketa libreak eman dio garaipena Kirolbet Baskoniari (87-86).

Fitxa teknikoa:

87 - Kirolbet Baskonia (19+25+10+22+11): Henry (14), Janning (5), Shields (9), Shengelia (9) eta Eric (10) -hasierako taldea-, Granger (2), Vildoza (13), Zoran Dragic (10), Polonara (9) eta Diop (6).

86 - Unicaja (19+14+23+20+10): Mekel (17), Adams (8), Bouteille (16), Thompson (10) eta Gerun (8) -hasierako taldea-, Brizuela (4), Alberto Diaz (17), Simonovic (-), Waczynski (-), Ejim (6), Guerrero (-) eta Suarez (-).

Epaileak: Carlos Peruga, Antonio Conde eta Carlos Cortes.