Baskonia
ENDESA LIGAKO AZKEN FASEA
Kirolbet Baskoniak irabazi egin dio Iberostarri eta bi garaipenekin jarri da (79-72)
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ivanovicen taldea nagusi izan da ia partida osoan zehar, baina azken laurdenean uste baino gehiago egokitu zaio sufritzea.
Kirolbet Baskoniak Valentzian jokatzen ari den Endesa Ligako azken faseko bigarren garaipena lortu du ostiral honetan, Iberostar Teneriferi irabazi eta gero (79-72), eta gertuago dauka finalerdietara sailkatzeko aukera.
Gasteiztarrek lehendabiziko 30 minutuetan zona bati egin behar izan diote aurre; alabaina, azken laurdenean, Txus Vidorreta bilbotarrak zuzentzen duen taldeak buruz buruko defentsa baten alde egin du, eta horrek neurketaren garaipenaren borrokan izateko aukerak ireki dizkio une batzuetan. Dena dela, Dusko Ivanovicen mutilek azkar eten dituzte aurkariaren azken eginahalak.
"Toko" Shengelia georgiarrak 34ko balorazioa bereganatu du, 21 puntu sartu, 7 asistentzia banatu eta 6 errebote harrapatuta, eta bera izan da neurketako jokalaririk onena. Ilimane Diopek ere lan ederra gauzatu du, 10 puntu eta 5 tapoi lortuta.
Kanariarren aldetik, Shengeliaren herrikidea den Giorgi Shermadini nabarmendu da 23ko balorazioarekin (18 puntu eta 11 errebote), baita Nick Zeisoft ere, bere saskiratze boladekin (13 puntu). Alabaina, asko nabaritu dute Marcelinho Huertas joko-antolatzailea ez dela eroso egon kantxan, bere taldekide ohien aurrean, haiek presio zorrotza egin baitute brasildarraren gainean (3 puntu, 7 asistentzia eta 6ko balorazioa).
Garaipen horrekin, gasteiztarrek bi norgehiagoka irabazi dituzte dagoeneko, eta euren hurrengo aurkaria izango den Bartzelonarekin berdinduta daude A multzoko sailkapenaren buruan. Iberostarrek, berriz, bigarren postua zaildu du lortzea, oraindik ez baitu neurketarik irabazi, eta hurrengo igandean egoera berean dagoen Bilbao Basket izango du aurrez aurre.
Fitxa teknikoa:
79 - KIROLBET Baskonia (22+22+20+15): Henry (6), Janning (3), Shields (10), Shengelia (21) eta Eric (10) –hasierako bostekoa–; Granger (3), Vildoza (10), Zoran Dragic (1), Polonara (5) eta Diop (10).
72 - Iberostar Tenerife (15+18+21+18): Huertas (3), Salin (13), Díez (2) eta White (8), Shermadini (18) –hasierako bostekoa–; Lundberg (4), López (3), Zeisloft (13), Bogris (2), Radoncic (3), Gielo (-) eta Guerra (3).
Partzialak: 22-15, 44-33 (atsedenaldia); 65-54 eta 79-72 (amaiera).
Epaileak: Jose Antonio Martín Bertrán, Antonio Conde eta Arnau Padrós. Ez dute inor kanporatu.