Baskonia
Ekainaren 12tik 27ra
Baskoniak eta Alavesek lau aukera eskaini dituzte abonamenduak itzultzeko
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Klubak azaldu duenez, aukera guztiak elkarren artean konbina daitezke; beraz, jaso beharreko kopurua eskainitako aukeren artean banatzeko aukera dago.
-
Baskonia eta Alaveseko abonatuek lau aukera dituzte abonamenduak berreskuratzeko. Argazkia: ETB
Baskonia-Alaves Taldeak ostegun honetan iragarri duenez, denboraldi honetan erabili gabeko abonamenduei dagokien dirua itzuliko du. Gainera, abonamendu horien jabeek lau aukera izango dituzte dirua berreskuratzeko.
Sarreren kudeaketaz arduratzen den Mikel Barcena Ticketing zuzendariak prentsaurrekoan azaldu duenaren arabera, prozedura "zuzena eta erraza" izango da, eta abonatuak berak erabakiko du zer egin.
Hartara, futbolaren kasuan, Mendizorrotzan publikorik gabe jokatuko diren 5 partiden truke, abonamenduaren % 26 jasoko dute abonatuek. Saskibaloiari dagokionez, berriz, denboraldiko zenbateko osoaren % 23,5 itzuliko diete baskoniazaleei.
Horrez gainera, abonatu bakoitzak honako lau aukeren artean hautatu ahalko du:
- Dirua itzultzea, osorik zein zati bat.
- Kopuru hori 2020-2021 denboraldirako gordetzea, hurrengo abonamendutik deskontatzeko.
- Bi taldeen dendan erabiltzea, Internet bidezko erosketak egiteko. Aukera horretara bideratutako 25 euro bakoitzeko, klubak beste 5 jarriko ditu.
- 5+11 Fundazioaren jardueretarako eman dezake dirua.
"Aukera guztiak elkarren artean konbina daitezke, hots, jaso beharreko kopurua eskainitako aukeren artean bana daiteke", azaldu du Barcenak.
Gainera, 5 eurotik gorako dohaintza guztiek opari bat izango dute, esker ona adierazteko. 25 eurotik gorako dohaintzak egitekotan, abonatuak kamiseta esklusibo bat jasoko du, eta, araudiak ezartzen duen bezala, dohaintzan emandako zenbatekoaren % 18ko kenkari fiskala izango du.
"Garrantzitsua da azpimarratzea abonatu bakoitzaren erabakia abonamendu bakoitzarekin lotuta dagoela, familia-abonamendua izan ala ez", zehaztu dute Baskonia-Alaves Taldekoek.
Prozedura horiek guztiak egiteko, bi erakundeek tresna digital "oso intuitiboa" prestatu dute, dirua ekainaren 12tik 27ra bitartean itzuli ahal izateko, Internet bidez.
Hartara, abonatu bakoitzak pasahitz pertsonal bat jasoko du komunikazio-kanalen bidez, plataforma horretara sartu eta norberaren abonamenduari buruz erabaki bat hartzeko.
Era berean, kudeaketa hori telefonoz egin ahalko da, baita dendan bertan ere, aldez aurretik hitzordua eskatuta; dena den, Internet bidez egitea gomendatu dute.
Aldez aurretik sarrerak erosi zituzten zaleen kasuan, prozedura bera izango da, bi klubek erosle horien datuak baitituzte.