Itxi

Baskonia

26. JARDUNALDIA

Euroligako aukerei eusten jarraitzen du Kirolbet Baskoniak (71-56)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Gasteiztarrek Izar Gorria garaitu dute Buesa Arenan, eta zortzigarren postutik garaipen bakarrera jarri dira jardunaldia ixteko partida batzuk falta direnean.

  • Michael Eric, errebote batengatik borrokan.

    Michael Eric, errebote batengatik borrokan. Argazkia: EFE

Kirolbet Baskoniak sentsazio onak berreskuratu ditu ostegun honetan, Izar Gorriaren aurka 71-56 nagusituta. Garaipen horri esker, Euroligako play-offetarako sailkapena ematen duten postuetako bat eskuratzeko borrokan jarraitzen du Gasteizko taldeak.

Zalgiris Kaunasen aurkako azken porrotaren ostean (60-74), Dusko Ivanovicen mutilak garaipenaren bidera itzuli dira, hainbat minututan partida sendoa jokatu eta gero, eta horrek itxaropenari eusteko arrazoiak eman dizkie Fernando Buesa Arenara bertaratu diren ikusleei.

Tornike Shengelia eta Shavon Shields (21 eta 23 puntuko balorazioa, hurrenez hurren) izan dira Baskoniako onenak, eta Michael Eric taldekidearen laguntza handia izan dute, saskipetik oreka handia eman baitio taldeari.

Ondorioz, Baskoniak etorkizun zaila du oraindik Europan, baina zortzigarren postutik garaipen bakarrera jarri da, 10 neurketa irabazi eta 16 galduta, txapelketako 26. jardunaldia amaitzeko hiru norgehiagoka jokatzeko falta direnean.

Fitxa teknikoa:

71 - Kirolbet Baskonia: Christon (5), Janning (3), Shields (15), Shengelia (18) eta Eric (10) –hasierako bostekoa–; Miguel González (3), Henry (3), Diop (8), Sergi García (-), Fall (3), Dragic (3) eta Polonara (-).

56 - Estrella Roja: Lorenzo Brown (10), Baron (7), Lazic (3), Jagovic-Kuridza (4) eta Stimac (13) –hasierako bostekoa–; Punter (12), Perperoglou (1), Davidovac (2), Gist (-), Lucas (2), Simanic (-) eta Ojo (2).

Epaileak: Luigi Lamonica (Italia), Anne Panther (Alemania) eta Marcin Kowalski (Polonia). Eric kaleratu dute 40. minutuan, 5. falta adierazita.