Itxi

Baskonia

82-72

Baskoniak porrota jaso du Unicajaren aurka

Erredakzioa

Arabako taldeak 82-72ko emaitzarekin galdu du Endesa Ligako 20. jardunaldiko norgehiagoka.

6:12
Unicaja-Baskonia. Argazkia: EFE

Kirolbet Baskoniak 82-72ko emaitzarekin galdu du Unicajaren aurka Malagan jokatu duen Endesa Ligako 20. jardunaldiko partida. Arabako taldea ez da gai izan azken porroten bolada txarrari amaiera emateko.

Lehen laurden ona jokatu du Baskoniak, nahiz eta Unicaja indartsu hasi den, eta azkar zortzi puntuko errenta hartu duen (10-2). Ondoren, 0-15eko partzialarekin aurrea hartu du Arabako taldeak (10-17), eta sei puntuko abantailarekin heldu da lehen hamar minutuen amaierara (14-20).

Bigarren laurdena parekatua izan da, eta bi taldeei kosta egin zaie zuloa irekitzea. Laurdenaren azken txanpan hasi da Unicaja nagusi izaten, eta Malagako taldeak hortxe lortu du neurketa bere alde jartzea. Zazpi puntuko errenta lortu du Unicajak (38-31) atsedenaldira iristeko minutu bakarra falta zenean, baina hiru puntura murriztu du desabantaila Baskoniak (40-37).

Atsedenaldiaren ostean ere, bi taldeek lehia estua izan dute, eta bietako bat ere ez da aurkaria baino gehiago izan. Etxeko taldea emaitza alde duela ibili da laurden osoan zehar, baina partida haustea lortu gabe. Hirugarren laurdenaren amaieran, Baskoniak Unicajak baino kaskarrago jokatu du, eta etxeko taldeak bost puntuko abantaila hartu du (62-57).

Aurretik jokatutako hiru laurdenak parekatuak izan diren arren, azkenengoan parekotasun gutxi egon da. Unicaja nagusi izan da, eta laugarren laurdeneko lehen lau minutuetan, 12 puntuko abantaila eskuratu du. Baskonia ezinean ibili da, ez da aurkaria estutasunetan jartzeko gai izan, eta garaipena Malagako taldeak lortu du (82-72).

Fitxa teknikoa:

82 - Unicaja (14+26+22+20): Adams (5), Fernández (21), Toupane (9), Thompson (2), Gerun (8)- hasierako taldea l- Brizuela (-), Diaz (5), Guerrero (15), Waczynksi (15), Tamba (-) eta Suarez (2).

72 - Kirolbet Baskonia (20+17+20+15): Christon (15), Shields (8), Janning (8), Shengelia (15), Diop (-)- hasierako taldea - Garcia (-), Fall (1), Stauskas (11), Dragic (2), Polonara (2) eta Eric (10).

Epaileak: Calatrava, Aliaga eta Zamorano.