Itxi

Baskonia

72-89

Baskoniak Kanaria Handiari irabazita eman dio amaiera lehen itzuliari

Erredakzioa

Kirolbet Baskoniak 72-89ko emaitzarekin lortu du garaipena Herbalife Kanaria Handiaren aurka, Endesa Ligako 17. jardunaldiko partidan.

5:38
Herbalife Kanaria Handia-Kirolbet Baskonia. Argazkia: EFE

Kirolbet Baskoniak 72-89ko emaitzarekin irabazi dio Herbalife Kanaria Handiari Endesa Ligako 17. jardunaldiko partida. Horrenbestez, garaipenarekin amaitu du lehen itzulia talde gasteiztarrak.

Neurketa parekatuta hasi den arren, Fotis Katsikarisek zuzentzen duen taldea nagusitzen hasi da lehen bi minutuen ostean, eta hamar puntuko abantaila (17-7) eskuratu du. Dusko Ivanovicek neurketa gelditu behar izan du, baina hutsarteak ez du eraginik izan, errenta 12 punturaino handitu baitu Kanaria Handiak (22-10). Momentu zailak gainditu, eta Baskoniak erreakzionatu egin du, 0-14ko partziala lortuta, eta aurrea hartuta (22-24). Arabako taldeak, partidan sartzea lortu du, nahiz eta lehen laurdena desabantailarekin bukatu duen (28-25).

Bigarren laurdenaren hasieran ere etxeko taldea nagusitu da, zazpi puntuko abantaila eskuratuta (34-27). Baskoniak taulapeko jokoan indartsu mantentzeko helburuari eutsi dio, eta desabantaila pixka bat murriztea lortu du (36-31). Bigarren laurdenaren azken txanpan aurkaria baino gehiago izan da Kirolbet Baskonia, eta puntu bakarreko desabantailarekin (44-43) joan da atsedenaldira.

Bikain etorri zaio atsedenaldia Kirolbet Baskoniari, aldageletatik bueltan 0-11ko partziala sartu baito Kanaria Handiari. Diopek eta Shengeliak lan ona egin dute, Stauskasen eta Henryren laguntzarekin. Horren guztiaren eraginez, Gasteizko taldeak aldeko 55-68ko emaitzarekin amaitu du hirugarren laurdena.

Aurreko laurdenean lortutako errentak lasaitasuna eman dio Baskoniari, eta 0-11ko beste partzial bat lortuta, garaipena bideratuta utzi du. Herbalife Kanaria Handia ezinean ibili da, Kirolbet Baskoniak ondo kudeatu du partidaren azken txanpa, eta 72-89ko emaitzarekin lortu du garaipena.

Fitxa teknikoa:

72. Herbalife GKanaria Handia (28+16+11+17): Cook (6), Shurna (12), Rabaseda (8), Costello (8), Harper (10) -hasierako taldea-, Okoye (2), Bourousis (12), Paulí (2), Burjanadze (10), Radicevic (2) eta Beiran (-).

89. Kirolbet Baskonia (25+18+25+21): Henry (12), Janning (8), Diop (16), Shengelia (13), Shields (15) -hasierako taldea- García (-), Fall (4), Stauskas (11), Polonara (4) eta Eric (6).

Epaileak: J. A. Martin Bertran, Luis Miguel Castillo eta Jacobo Rial. Kanporaturik gabe.