Baskonia
101-80
Baskoniak beste porrot bat jaso eta burua altxa ezinda jarraitzen du
Erredakzioa
Arabako taldeak jipoia hartu du Zaragozaren aurka (101-80) jokatu duen Endesa Ligako 15. jardunaldiko partidan. Koparako sailkapena gero eta zailago du.
Kirolbet Baskoniak porrota jaso du Casademont Zaragozaren aurka (101-80) Endesa Ligako 15. jardunaldian. Arabako taldeak burua altxa ezinda jarraitzen du, Kopara sailkatzea gero eta zailago du, eta entrenatzaile aldaketak ez du bolada txarra eten, Ivanovicek zuzendu dituen bi neurketak galdu egin baititu.
Lehen laurden ona jokatu du Baskoniak. Hasierako minutuak oso parekatuak izan dira, eta bi taldeetako batek ere ez du lortu abantaila handirik hartzea. Hala ere, lehen laurdeneko azken bi minutuetan, Arabako taldea nagusi izan da, eta sei puntuko errenta eskuratu du (14-20).
Bigarren laurdenean, ordea, oso gaizki ibili da Dusko Ivanovicek zuzentzen duen taldea. Casademont Zaragoza jaun eta jabe izan da, eta Kirolbet Baskonia zazpi puntuko desabantailarekin heldu da atsedenaldira (39-31).
Atsedenaldiaren ostean, aldeak murriztea lortu du Arabako taldeak, eta bost puntura gerturatu da (46-41). Hala ere, neurketako 25. minututik aurrera tamalgarri jokatu du Baskoniak, eta aurkariari erraztasun handiak eman dizkio. Zaragoza horretaz baliatu da, eta, 13-0eko partziala lortuta 21 puntuko abantaila erdietsi du (70-49). Norgehiagoka, etxeko taldearen aldeko 72-51eko emaitzarekin iritsi da azken laurdenera.
Partidako azken hamar minutuetara 21 puntuko desabantailarekin heltzea zama astunegia izan da Kirolbet Baskoniarentzat. Casademont Zaragoza eroso ibili da, eta ez du arazorik izan garaipena eskuratzeko (101-80).
Fitxa teknikoa:
101 - Casademont Zaragoza (14+25+33+29): San Miguel (8), Seeley (7), Barreiro (5), Benzing (5) eta Justiz (11) -hasierako taldea- Hlinason (4), Radovic (9), Ennis (19), Brussino (15), Alocén (15), Vazquez (3) eta Javi Garcia.
80 - Kirolbet Baskonia (20+11+20+29): Vildoza (5), Janning (8), Shields (28), Shengelia (12) eta Eric (14) -hasierako taldea- Fall (3), Henry Pierria, Polonara (5), Stauskas (4), Diop eta Sergi Garcia (1).
Epaileak: Garcia Gonzalez, García Ortiz eta Yasmina Alcaraz. Fall Baskoniako jokalaria egotzi dute 32. minutuan.