Baskonia
75-86
Baskoniak aste bikaina biribildu du Murtziari irabazita
Erredakzioa
Kirolbet Baskoniak 75-86ko emaitzarekin lortu du garaipena UCAM Murtziaren kontra jokatu duen Endesa Ligako 13. jardunaldiko partidan.
Kirolbet Baskoniak 75-86ko emaitzarekin irabazi dio UCAM Murtziari, Endesa Ligako 13. jardunaldiko partida, eta astea biribildu du jokatu dituen hiru neurketak irabazita. Zazpi garaipeneko eta sei porroteko balantzea du Arabako taldeak.
Neurketari ondo ekin dio Baskoniak, lehen saskiratzea sartuta, eta bigarren jabetzan hiruko jaurtiketa saskiratuta (2-5), baina hasierako bi minutuen ostean, etxeko taldea nagusitu da, eta aurrea hartu du (10-9). Ondoren, abantailak handituz joan da UCAM Murtzia, lehen laurdena etxeko taldearen aldeko 21-15eko emaitzarekin bukatu delarik.
Zortzi puntuko abantaila hartu du Murtziak (28-20) bigarren laurdeneko lehen lau minutuetan, baina Baskoniak hiru puntura murriztu du desabantaila (30-27). Arabako taldearen erantzuna eta gero, berriro etxeko taldeak zuloa ireki du 35-29, eta Perasovicek zuzentzen duen taldeari maldan gora jarri zaio laurdena. Hala ere, lanean jarraitu du Baskoniak, emaitza iraultzea lortu du, eta aurrea hartuta iritsi da atsedenaldira (37-38).
Atsedenaldiaren ostean, Kirolbet Baskonia nagusi izan da kantxan, eta Gasteizko taldeak zazpi puntuko errenta lortu du (37-44). UCAM Murtziak, ordea, ez du burua makurtu eta erantzun bikaina eman dio Baskoniari, hirugarren laurdena amaitzeko lau minutu falta zirenean norgehiagoka berdinduta (47-47). Momentu txarra gainditzea lortu du talde gasteiztarrak, eta nola gainera, amaiera bikaina eman baitio hirugarren laurdenari, hamabi puntuko abantaila erdietsita (50-62).
Baskoniak nahiko bideratuta utzi du partida aurreko laurdenean; gainera, hasiera bikaina eman dio azken laurdenari, markagailuan zulo handia irekita (50-67, 52-69 eta 54-71). Azken txanpan emaitza txukundu du UCAM Murtziak, baina ez du aurkaria estutasunetan jarri, eta Baskonia atera da garaile (75-86).
Fitxa teknikoa:
75. UCAM Murtzia (21+16+13+25): Rafa Luz (7), Townes (12), Larentzakis (4), Eddie (14) eta Hunt (5) -hasierako taldea-, Radoncic (5), Lecomte (9), Cate (8), Edu Durán (3), Rojas (-), Tumba (2) eta Sakota (6).
86. Kirolbet Baskonia (15+23+24+24): Henry (7), Vildoza (14), Stauskas (8), Shengelia (19) eta Eric (2) -hasierako taldea-, Janning (6), Diop (3), Sergi García (6), Fall (6), Shields (15) eta Polonara (-).
Epaileak: Jose Antonio Martin Bertran, Jordi Aliaga Sole eta David Sanchez Benito. UCAM Murtziako jokalaria den Eddie kanporatu dute, 39. minutuan.