Baskonia
EUROLIGAKO 9. JARDUNALDIA
Kirolbet Baskoniak arnasa hartu du CSKAri irabazita (80-70)
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Arabarrek berebiziko garrantzia duen garaipena lortu dute lehiaketako egungo txapeldunaren aurrean, azkenaldiko bolada kaskarrak alde batera uzteko bidean.
-
Nik Stauskas eta Darrum Hilliard. Argazkia: EFE
Joko eta emaitza krisian murgilduta zegoen Kirolbet Baskoniak irabazi egin dio Euroligako egungo txapelduna den CSKA Moskuri asteazken honetan, Buesa Arenan jokatu den txapelketako 9. jardunaldian (80-70).
Defentsako lana oinarritzat hartuta, gasteiztarrek ez diote inoiz utzi aurkariari lehian eroso senti zedin, batez ere neurketako azken txanpan, azken lau minutuetan punturik sartu ezinda geratu baita Itoudisen taldea.
Taldeko lana izan da nagusi Baskoniaren aldetik; izan ere, neurketako une jakinetan hainbat jokalarik aurrerapausoa eman eta erantzukizuna hartu dute. Shavon Shields, ordea, jokatu gabe geratu da, oraindik ezin izan baitu erabat sendatu Makabiren aurka sorbaldan jasotako kolpea.
Tornike Shengelia izan da partidako jokalaririk nabarmenena 22 puntu sartuta eta 23ko balorazioarekin. Baina, aipatu legez, oraingoan aurreko norgehiagoketan baino taldekide gehiagoren laguntza izan du taldeari ekarpena egiteko garaian. Horien artean egon dira Nik Stauskas edo Ilimane Diop, besteak beste. Senegaleko pibota gaueko ezusteko positiboetako bat izan da Perasovicen taldean, oso protagonismo urria izaten ari baita orain arte denboraldian zehar.
Errusiarren aldetik, Janis Strelnieks letoniarra (17 puntu eta 22ko balorazioa) izan da onena. Mike James Baskoniako jokalari ohiak ere ondo jardun du saskira begira (17 puntu), baina ez da horren fin ibili beste zenbait zereginetan (13ko balorazioa). Etxeko publikoarentzat ezagunak ziren beste bi jokalariek, hots, Darrum Hilliardek eta Johannes Voigtmannek, aldiz, askoz gau okerragoa izan dute: estatubatuarrak 6 puntu eta -4ko balorazioa pilatu ditu; alemaniarrak, 2 puntu eta -2ko balorazioa.
Horrenbestez, gasteiztarrek zama handia kendu dute gainetik gaurko garaipenarekin, aste zaila igaro ostean (galdu egin zuten Makabiren eta Fuenlabradaren aurka itxura eskasa emanda). Une honetan, sailkapeneko 10. tokian daude kokatuta, lau lehia irabazi eta bost galduta. Errusiarrentzat, berriz, txapelketako hirugarren porrota izan da.
Fitxa teknikoa:
80 - Kirolbet Baskonia (24+21+17+18): Henry (5), Stauskas (11), Garino (9), Shengelia (20) eta Fall (3) –hasierako bostekoa–, Vildoza (12), González (-), Janning (7), Diop (8), Pollonara (-) eta Eric (4).
70 - CSKA Mosku (19+23+17+11): James (17), Hilliard (6), Kurbanov (2), Voigtmann (2) eta Koufos (-) –hasierako bostekoa–, Bolomboy (2), Strelnieks (17), Vorontsevich (-), Hackett (12), Hines (8) eta Baker (4).
Epaileak: Ilija Belosevic (Serbia), Carmelo Paternico (Italia) eta Piotr Pastusiak (Polonia). Epaileek hiru jokalari kaleratu dituzte faltengatik: Bolomboy (36. min), Hines (38. min) eta Hackett (39. min).