Itxi

Baskonia

89-91

Baskoniak galdu egin du Real Madrilen aurka, azken segundoan

Erredakzioa

Kirolbet Baskoniak 89-91ko emaitzarekin jaso du porrota Real Madrilen kontra. Neurketa parekatua izan da, baina azken jaurtiketan erabaki da talde bisitariaren alde.

Baskonia - Real Madril

Kirolbet Baskoniak porrota jaso du Real Madrilen aurka (89-91) Endesa Ligako 7. jardunaldian. Ondorioz, hiru garaipeneko eta lau porroteko balantzearekin geratzen da Arabako taldea Endesa Ligan.

Norgehiagoka erritmo biziarekin hasi da, eta Baskoniak hartu du abantaila hasi eta lasterrean (7-2). Real Madrilek, ordea, bikain erantzun du, 12 puntu jarraian sartuta, eta zazpi puntuko abantaila eskuratuta (7-14). Ondoren, Arabako taldeak aldeak murriztu ditu, puntu bakarrera kokatu delarik (13-14). Lehen laurdeneko azken minutuak parekatuak izan dira, eta Real Madril aurretik (21-23) iritsi da lehen hamar minutuen amaierara.

Oso gaizki ekin dio bigarren laurdenari Kirolbet Baskoniak, eta bikain Real Madrilek, Pablo Lasok zuzentzen duen taldeak 11 puntuko errenta eskuratu baitu (21-32). Talde gasteiztarrak bolada txarra etetea lortu du, desabantaila zazpi puntura murriztuta (31-38) atsedenaldira heltzeko hiru minutu t’erdi geratzen zirenean, baina minutu horietan jaun eta jabe izan da Real Madril eta 13 puntuko errenta eskuratu du (34-47).

Atsedenaldia bikain etorri zaio Perasovicek zuzentzen duen taldeari, eta hiruko jaurtiketetan asmatuta, desabantaila hiru puntura murriztu du Baskoniak (44-47). Norgehiagokako 25. minutuan, lehia berdintzea lortu du talde gasteiztarrak (51-51). Laurdenaren erdialdetik aurrera, Baskonia izan da nagusi. Defentsan sendo ibili dira Perasovicek zuzentzen dituen mutilak, eta erasoan ere asmatu dutenez, aurretik iritsi dira azken laurdenera (70-65).

Real Madrilek indartsu ekin dio amaierako laurdenari, eta puntu bakarrera gerturatu da (71-72). Ondoren, Kirolbet Baskoniak errenta hartu du (78-73), baina Madrileko taldeak neurketa berdindu (78-78), eta aurrea hartu du (78-80) amaierarako bost minutu falta zirenean. Hala ere, Kirolbet Baskonia aurretik heldu da azken bi minutuetara (87-85). Baskoniak errenta handitzeko aukera izan du, baina ez du asmatu, eta Llullek lehia berdindu du (87-87). Partida berdinduta (89-89) iritsi da azken segundoetara; Real Madrilek izan du jabetza, eta Deckek garaipena eman dio Real Madrili (89-91) azken segundoan sartu duen saskiratzearekin.

Fitxa teknikoa:

89 - Kirolbet Baskonia (21+13+36+19): Henry (13), Stauskas (2), Garino (-), Shengelia (20) eta Fall (8) -hasierako taldea-, Vildoza (15), Janning (18), Polonara (-) eta Eric (13).

91 - Real Madril (23+24+18+26): Laprovittola (3), Causeur (5), Deck (8), Randolph (22) eta Mickey (5) -hasierako taldea-, Rudy (8), Campazzo (7), Garuba (12), Carroll (3), Tavares (-), Llull (15), eta Taylor (3).

Epaileak: Alberto Sanchez Sixto, Fernando Calatrava Cuevas eta Jose Antonio Martin Bertran. Ez da kanporaturik egon.