Baskonia
78-79
Azken hasperenean irabazi du Baskoniak Teneriferen aurkako partida
ERREDAKZIOA | EITB.EUS
Talde gasteiztarrak bereak eta bi egin behar izan ditu kanariarrei aurre egin eta 6. jardunaldiko partida irabazi ahal izateko. Azkenean, puntu soil batengatik lortu du garaipena.
Baskoniak irabazi egin du Teneriferen aurkako Endesa Ligako partida, eta garaipenaren bideari eutsi dio berriz Euroligan Olympiakosen aurka azken norgehiagokan lortutako garaipenari jarraipena emanez.
Henry, Stauskas, Garino, Shengelia eta Fall izan dira Perasovicek partidari ekiteko aukeratutakoak. Lehen laurdenean, Baskoniak aurrea hartu du norgehiagoka hasi bezain pronto, eta alde izan du markagailua Txus Vidorretaren taldeak berdindu arte. Hortik aurrera, parekatuta aritu dira biak ala biak, eta laurdena bukatu aurretik, Tenerifek bere alde jarri du markagailua, baina, azkenean, berdinduta eman diote amaiera lehen laurdenari (18-18).
Bigarren laurdenean, Perasovicek gidatutako taldeak asmatu egin du, eta, jokalarien koordinazioari esker, emaitza alde jarri du. Azkenean, aldea zertxobait handitu dute, eta 33-38 bukatu da bigarren laurdena.
Atsedenaldiaren ostean, errentaz baliatu da Baskonia aldea handitzeko, baina Tenerifek ezustekoa eman dio, eta puntu bat gora jarri da. Gorabehera, aldiz, ez da bere horretan gelditu, eta Tenerifek bereak eta bi egin ditu hirugarren laurdeneko azken emaitza bere alde jartzeko (61-60).
Azken laurdenean, berriz, gasteiztarrek ez dizkiote gauzak batere erraz utzi Vidorretaren taldeari, eta, nor baino nor gehiago aritu ondoren, puntuek urrezko zaporea hartu dute. Azkenean, Baskoniak puntu bategatik irabazi du (78-79), Euroligako garaipenari jarraipena eman eta Endesa Ligan ere irabaztea lortuz.
Fitxa teknikoa:
78. Iberostar Tenerife (18+15+28+17): Huertas (22), Salin (8), Diez (12), Suarez (1), Shermadini (16) –hasierako taldea–, Lundberg (9), Yusta (5), Lopez (1), Atkins (4), Guerra (-) eta Gielo (-).
79. Kirolbet Baskonia (18+20+22+19): Henry (24), Slauskas (1), Garino (21), Shengelia (20), Fall (8) –hasierako taldea–, Vildoza (3), Janning (-), Diop (2), Shields (-) eta Polonara (-).
Epaileak: Perez Pizarro, Oyon eta Baena. Teknika adierazi diote 5. minutuan Txus Vidorreta Iberostar Tenerifeko entrenatzaileari.