Baskonia
ENDESA LIGA
Azken hasperenean galdu du Baskoniak Unicajaren aurkako norgehiagoka (77-78)
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Lehen zatian talde gasteiztarra jaun eta jabe izan ostean, Unicajak estutu egin du, eta gero eta gehiago gerturatzen joan da, hamabi segundo faltan aurretik jarri den arte.
Porrota jaso du Baskoniak Unicajaren aurka azken hasperenean, izan ere, Josh Adamsek saskiratutako bi hirukoekin eta Jaime Fernandezek saskiratutako bi jaurtiketa libreekin Unicaja aurretik jarri da, eta Baskoniak zuen 17 puntuko aldea guztiz irauli eta Endesa Ligako hirugarren jardunaldiko neurketa irabazi du.
Unicajak 2-3 sistemarekin defendatuz Gasteizko taldeko jokalariak desorekatu ditu, eta hainbat arazo eragin dizkie; 11 aldiz galdu dute baloia azken bi laurdenetan.
Patricio Garinok erdietsitako bost puntuak eta Shavon Shieldsek egindako laurak ezinbestekoak izan dira norgehiagokari hasiera ona emateko eta aurkaria ahultzeko.
Unicajak, ordea, atsedenaldiaren ostean eman du ezustea. Lehen zatian Baskonia nagusitu da, baina Malagako taldeak nagusitasun hori bere egin du bigarrenean. Hala ere, Baskoniak markagailua bere alde izan du azken hasperenera arte.
Velimir Perasovicen taldea jokoari abiadura handiagoa ematen saiatu da arazoei irtenbidea bilatu nahian, baina ez dute zoria alde izan, eta aldea etengabe joan da txikitzen.
Neurketa bukatzeko 12 segundo faltan, Unicajak ezustekoa eman du, lehen aldiz aurretik jarriz, eta Baskoniak erantzun ona eman du markagailuan berdinketa lortu eta aurretik jarrita, baina azken unean, segundo baten faltan, Jaime Fernandezek garaipena eman dio Unicajari.
Fitxa teknikoa:
77 - Kirolbet Baskonia (29+20+11+17): Vildoza (11), Shields (6), Garino (10), Shengelia (9) eta Diop (3); Gonzalez (2), Henry (2), Janning (16), Fall (8), Polonara (6) eta Eric (2).
78 - Unicaja (20+16+23+19): Adams (23), Fernandez (2), Ejim (10), Thompson (7) eta Gerun (6); Avramovic (2), Diaz (9), Waczynski (2), Elegar (-), Guerrero (6) eta Suarez (11).
Epaileak: Miguel Angel Perez Perez, Sergio Manuel eta Ivan Gonzalez.