Itxi

Baskonia

1. JARDUNALDIA

Baskoniak garaipenarekin ekin dio Euroligari Zalgiris garaituta (58-70)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Shavon Shieldsek sartutako 19 puntuak eta atzealdean Youssoupha Fallek eta Pierria Henryk egindako lana baliatu dute gasteiztarrek Kaunasen gailentzeko.

  • Tornike Shengelia. Argazkia: EFE

    Tornike Shengelia Zalgirisen aurka. Argazkia: EFE

Kirolbet Baskoniak defentsako lana izan du bidelagun Kaunasen Zalgirisen aurka irabazteko (58-70), 2019/2020 denboraldiko Euroligako estreinaldian.

Talde gasteiztarra aurretik joan da markagailuan ia lehia guztian zehar, eta Shavon Shieldsen puntu ekarpenak izan du horretan zerikusi handia (19 puntu eta 21eko balorazioa), baita Youssoupha Fallek eta Pierria Henryk defentsa arloan egindako jardunak ere.

Zalgiris, bere aldetik, irregularrago ibili da, eta Edgaras Ulanovas besterik ez da nabarmendu (20 puntu).

Velimir Perasovicen jokalariek grina handiarekin kantxaratu dira Zalgirio Arenara, bertan jokatutako azken bi aldietako garaipenek hauspotuta edo. Dena den, etxekoek berehala erreakzionatu dute eta lehia parekatu egin da (19-19, lehen laurdenaren amaieran).

Orduan etorri dira Baskoniaren minuturik onenak, Youssoupha Fallek defentsan agertzen zuen sendotasuna baliatuta. Pibot senegaldarrak lau jaurtiketa libre huts egin baditu ere bata bestearen atzetik, beste horrenbeste txapel jarri ditu tarte horretan, eta etxekoen susperraldia baretu du.

Hartara, Baskoniak 10 puntuko aldea lortu du Janningek, Shieldsek eta Vildozak jarraian sartu dituzten hiru hirukori esker (27-37). Lekaviciusek saskiratutako beste hiruko batek itxaropena ekarri die etxekoei (30-37),

Atsedenaldiaren ostean, Zalgirisek hirugarren laurdenaren amaiera aldera besterik ez dio sortu ezinegona Perasovicen taldeari, markagailuko zulora lau puntura estutu duenean. Alabaina, Matt Janningek jarraian erdietsitako bost puntuk garaipena bideratu dute arabarren alde (46-55).

Azken laurdenean, Tornike Shengelia kapitaina arduratu da urduritasun guztiak uxatzeaz.

Hartara, Baskoniak ezin hobeto ekin dio Euroligari, eta lasaitasunez egingo die aurre etxetik kanpo Moskun (Khimki) eta Istanbulen (Fenerbahce) jokatu behar dituen hurrengo bi jardunaldiei.

Fitxa teknikoa:

58 - Zalgiris Kaunas (19+11+16+12): Perez (-), Grigonis (10), Ulanovas (9), Leday (7) eta Geben (2) –hasierako bostekoa–, Walkup (2), Lekavicius (10), Hayes (-), Jankunas (-), Milaknis (9) eta Landale (9).

70 - Kirolbet Baskonia (19+18+18+15): Vildoza (10), Shields (19), Garino (3), Shengelia (13) eta Eric (7) –hasierako bostekoa–, Henry (4), Janning (10), Diop (-), Fall (2) eta Polonara (2).

Epaileak: Christos Christodoulou (Grezia), Uros Obrknezevic (Serbia) eta Saso Petek (Eslovenia). Kanporatutako jokalariak: Fall (40. min).