Baskonia
ACBko play-offak
Caja Laboral-Gran Canaria, (86-82): Baskoniaren garaipen borrokatua
A.B.
Erredakzioa
Gastezitarrek sufritu egin dute Fernando Buesa Arenan jokatu den partida aurrera ateratzeko: Helburua lortu dute azkenean eta abantaila hartu dute kanporaketan (1-0).
Caja Laboral Baskoniak garaipena lortu du ACB Ligako titulua lortzeko play-offetako lehen partidan. Gran Canaria 2014 taldearen aurka jokatu dute Buesa Arenan final-laurdenetako lehen partida eta 86-82ko emaitzarekin irabazi dute gasteiztarrek. Horrenbestez, abantaila hartu dute kanporaketan (1-0).
Partida erritmo biziarekin hasi zen eta bi taldeek erraztasunez lortzen zituzten saskireketak. Baskonia ia lehen laurden guztian zehar aurretik joan zen markagailuan eta zazpi puntuko aldearekin bukatu zituen lehen hamar minutuak (30-23). Bigarren laurdenean, lehenik Baskoniak abantaila handitu zuen, baina ondoren Gran Canariaren erreakzioa etorri zen eta gasteiztarren aldeko 49-41eko emaitzarekin iritsi zen norgehiagoka atsedenaldira.
Atsedenalditik bueltan aldeak mantentzea lortu zuen Baskoniak. Kanariarrak beti prest zeuden Caja Laboralen hutsen bat aprobetxatzeko. Lehen laurdenean gertatu bezala zazpi puntuko aldearekin bukatu zuen Baskoniak hirugarren laurdena.
Azken laurdenean Baskoniak gogotik sufritu zuen. Partida amaitzeko bost minutu falta zirenean bi puntura gerturatu zirene kanariarrak eta horrek norgehiagoka estutu zuen azkenean. Dena den, Ivanovicen mutilek ondo maneiatu zuten partidako azken txanpa eta garaipenak ez zien ihes egin (86-82).