Baskonia
92-81
Baskoniak galdu egin du Valentziaren aurka eta hirugarren postuan amaitu du liga
Erredakzioa
Kirolbet Baskoniak porrota jaso du Valentziaren aurka (92-81), eta Bartzelonak irabazi egin duenez, hirugarren amaitu du liga erregularra. Tecnyconta Zaragoza izango du aurkari play-offean.
Kirolbet Baskoniak galdu egin du Valentziaren aurka (92-81), Endesa Ligako denboraldi erregularreko azken jardunaldiko partida. Bartzelonak, aldiz, Monbus Obradoirori irabazi dio. Ondorioz, hirugarren postuan amaitu du Baskoniak liga erregularra. Tecnyconta Zaragoza izango du aurkari play-offean, Aragoiko taldea seigarren izan baita sailkapenean.
Lehen laurdena oso parekatua izan da. Bi taldeetako bat ere ez da gai izan nagusitasuna kantxan isladatzeko, eta ezin izan dute zulorik ireki. Gora-behera asko egon dira markagailuan. Laurdenaren azken txanpan, gehiago asmatu du Valentziak, eta hiru puntuko abantaila eskuratu du (26-23) lehen hamar minutuen amaieran.
Bigarren laurdenari oso kaskar ekin dio Kirolbet Baskoniak. Valentzia nagusi izan da. Ezinean ibili da Baskonia bigarren laurdeneko lehen bost minutuetan, eta etxeko taldeak zortzi puntuko errenta lortu du (38-30). Momentu txarra pasa ostean, Kirolbet Baskoniak jokoa hobetzea lortu du, eta desabantaila murrizten hasi da. Hala ere, bost puntu aurretik heldu da Valentzia atsedenaldira (44-39).
Atsedenaldiaren ostean, berriro neurketa parekatzea lortu, eta aurrea ere hartu du Arabako taldeak (44-45). Dena den, hirugarren laurdenaren azken txanpan, etxeko taldea izan da nagusi berriro, eta zuloa irekitzea lortu du. Baskonia, berriro eskas ibili da erasoko zein defentsako lanean, eta bederatzi puntuko abantaila eskuratu du Valentziak (68-59).
Azken laurdenari partida maldan gora zuela ekin dio Kirolbet Baskoniak. Aldeak murrizteko ahalegina egin du Perasovicek zuzentzen duen taldeak, baina alferrik. Ez dute lortu desabantaila murriztea, eta Valentziak nagusi izaten jarraitu du. Gauzak horrela, Arabako taldeak porrota jaso du (92-81).
Fitxa teknikoa:
92.- Valentzia (26+18+24+22): Van Rossom (8), Sastre (5), San Emeterio (15), Labeyrie (23), Will Thomas (12) -hasierako taldea- Abalde (1), Diot (1), Dubljevic (14), Vives (2), Rafa Martinez (-) eta Doornekamp (11).
81.- Kirolbet Baskonia (23+16+20+22): Vildoza (18), Shields (14), Garino (6), Shengelia (13), Poirier (4) -hasierako taldea- Voigtmann (9), Huertas (2), Diop (2), Granger (1), Jones (4) eta Hilliard (8).
Epaileak: García González, Oyon eta Rial. Poirier (39. min) Baskoniako jokalaria kanporatu dute.