Itxi

Baskonia

33. JARDUNALDIA

Baskonia 87-81 gailendu zaio Joventuti, eta bigarren postua berreskuratu du

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Perasovicen mutilek erreakzionatu egin behar izan dute azken laurdenean 62-70 galtzen joan ostean.

  • Thornike Shengelia eta Albert Ventura.

    Thornike Shengelia eta Albert Ventura baloi baten lehian. Argazkia: EFE

Kirolbet Baskoniak 87-81 irabazi dio asteazken honetan Divina Seguros Joventut taldeari, Endesa Ligako 33. jardunaldiari zegokion norgehiagoka atzeratuan.

Etxekoek, besteak beste, Darrun Hilliard eskolta estatubatuarraren ekarpenean oinarritu dute euren garaipena (24 puntu eta 26ko balorazioa).

Euroligako Lauko Finala hartu berri duen Fernando Buesa Arenak ateak ireki ditu berriro etxeko taldea irabazten ikusteko. Alabaina, Baskoniak izerdi ugari bota behar izan du norgehiagoka bereganatzeko, talde katalanak ez baitizkio gauzak erraz jarri, Nicola Laprovittola joko-antolatzaileak egindako lan ona dela medio (21 puntu eta 22ko balorazioa).

Atsedenaldira heldu orduko, talde bakoitzak laurden batean agindu du (11-17 eta 23-19). Aitzitik, Joventutek asko bizitu du bere jokoa hirugarren laurdenaren amaieran eta laugarrenaren hasieran, eta 0 eta 13ko partziala erdietsi du. Tarte horretan, markagailuak 62-57tik 62-70era egin du jauzi, eta, hartara, zortzi puntuz irabazten jarri dira katalanak. Horren aurrean, Velimir Perasovicen mutilek erreakzionatu egin behar izan dute partidari buelta emateko.

Erreakzioa sasoiz heldu da, eta batez ere Hilliardek defentsan egindako lana zein saskiari begira azaldu duen jarioa egon da horren oinarrian, baina baita Vincent Poirier pibot frantziarraren zein Patricio Garino hegaleko argentinarraren puntuak ere.

Garaipen horrek sailkapeneko bigarren tokia berreskuratzeko balio izan dio Baskoniari, 26 partida irabazi eta 7 galdu ostean. Bartzelonak dituen garaipen kopuru bera dauka talde arabarrak, baina gasteiztarrek euren alde dute bi taldeen arteko norgehiagoka zuzenetan izandako puntu kopuruen arteko aldea.

Fitxa teknikoa:

87 - Kirolbet Baskonia (11+23+28+25): Vildoza (10), Shields (4), Garino (17), Shengelia (6) eta Voigtmann (4) —hasierako bostekoa—, Huertas (2), Diop (-), Poirier (14), Jones (6) eta Hilliard (24).

81 - Divina Seguros Joventut (17+19+26+19): Laprovittola (21), Lopez-Arostegui (10), Ventura (-), Harangody (9) eta Delia (4) —hasierako bostekoa—, Dimitrijevic (9), Morgan (7) Boungou-Colo (9) eta McFadden (12).

Epaileak: Emilio Perez Pizarro, Vicente Bulto eta Javier Torres. Ez dute inor kanporatu.