Itxi

Baskonia

28. jardunaldia

Baskoniak irabazi egin du Palaun (72-84)

agentziak | erredakzioa

Gasteiztarrek 22 garaipen dituzte, Bartzelonak baino bat gutxiago, baina bien arteko puntuen aldea euren alde jarri dute.

  • Patricio Garino eta Kevin Pangos.

    Patricio Garino eta Kevin Pangos. Argazkia: EFE

Kirolbet Baskoniak garaitu egin du Barça Lassa ostiral honetan (72-84), Palau Blaugranan jokatu den Endesa Ligako 28. jardunaldiari zegokion atzeratutako partidan.

Talde biek kaskar ekin diote neurketari, akats andana eginez jaurtiketetan, eta Bartzelonaren kasuan, gainera, bederatzi baloi galduta. Baskoniak, dena den, ez ditu behar bezala baliatu aurkariaren huts horiek, nahiz eta defentsako lanean ondo jardun duen. Shavon Shields izan da lehen laurdeneko jokalaririk eraginkorrena, 10 puntu saskiratuta (18 puntu sartu eta 21eko balorazioa pilatu du amaieran).

Bartzelonak erreboteei esker iraun du bizirik, baita Hangaren puntuei eta Claverrek saskipean egindako ekarpenari esker ere. Horrez gain, Heurtel joko-antolatzailea ere azaldu da tarte horretan, eta aurretik eraman du bere taldea atsedenaldira (34-32).

Perasovicen jokalariek alaitasun gehiago eman diote bere jokoari bigarren zatian, eta 17 eta 25eko partzialarekin agintzen jarri dira hirugarren laurdenean (51-57).

Dinamikaren aldaketak ataka larrian jarri ditu etxekoak, eta Baskoniak 10 puntuko aldea lortu du. Gasteiztarren erasoko jokoa hazi egin da Shengeliaren eta Hilliarden puntuekin, etxekoenak beherantz egiten zuen bitartean. Dena dela, Ribasek freskotasun puntu bat ekarri die katalanei, nahiz eta, azken aldera, hiruko jaurtiketak egiten tematu den alferrik. Hala ere, Heurtelek emaitza estutu du amaierara iristeko bi minuturen faltan (71-75).

Epaileek, ordea, kirolez kontrako falta bat adierazi diote Chris Singletoni, eta Voigtmannek ez du barkatu jaurtiketa libreen gunetik. Horrenbestez, neurketa erabakita geratu da minutu bat falta zela (71-79). Hortik aurrera, basket averagea nork irabaziko zuen izan da lehiako interesgune bakarra. Bartzelona bederatzi puntugatik gailendu zen Gasteizen, eta, hartara, alderdi horretan ere Baskonia nagusi atera da gaurkoan.

Fitxa teknikoa:

72 - Barça Lassa (18+16+17+21): Pangos (8), Kuric (7), Hanga (19), Singleton (3), Seraphin (7) –hasierako bostekoa–, Heurtel (9), Claver (2), Smits (3), Oriola (13) eta Ribas (1).

84 - Kirolbet Baskonia (17+15+25+27): Vildoza (2), Shields (18), Garino (1), Voigtmann (9), Poirier (13) –hasierako bostekoa–, Huertas (8), Shengelia (18), Diop (-), Hilliard (15) eta Sedekerski (-)

Epaileak: Peruga, Oyon eta Olivares. Ez dute inor kanporatu.  

Gertakariak: 28. Jardunaldiari zegokion atzeratutako partida. Palau Blaugranan jokatu da 4.577 ikusleren aurrean.