Baskonia
Fuenlabradari irabazita
Baskoniak sendo jarraitzen du Endesa Ligan
eitb.eus
Kirolbet Baskoniak garaipena lortu du (101-92) Montakit Fuenlabradaren aurka, Euroligatik at geratu osteko lehen partidan.
-
Poirier, Kirolbet Baskonia - Mintakit Fuenlabrada partidan. Argazkia: EFE
Kirolbet Baskoniak garaipena lortu du Montakit Fuenlabradaren aurka (101-92) Endesa Ligako 29. jardunaldian. Euroligatik at geratu osteko lehen partida jokatu du Arabako taldeak, eta irabazi egin du, kostata izan bada ere.
Neurketaren hasiera parekatua izan da. Baskoniari kosta egin zaio abantaila hartzea, eta Fuenlabradak etxeko taldearen maila bera ematea lortu du lehen bost minutuetan. Ondoren, talde arabarraren kalitatea nagusitu da, eta Baskoniak sei puntuko abantaila eskuratu du (26-20), lehen hamar minutuak bederatzi puntuko errentarekin bukatuz (29-20).
Gaizki ekin dio Kirolbet Baskoniak bigarren laurdenari. Fuenlabradak, aldiz, ondo, 0-4ko emaitza lortuta (29-24). Perasovic entrenatzaileak hutsartea eskatu du, eta Baskonia berriro nagusitu da Buesa Arenan. Defentsako jokoa sendotuta eta erasoan asmatuta, abantaila hartu du berriro Arabako taldeak, eta 53-44ko emaitzarekin heldu da atsedenaldira.
Atsedenaldiak ez dio on egin Kirolbet Baskoniari; bai, ordea, Montakit Fuenlabradari. Madrilgo taldeak neurketa berdindu du, 0-9ko partziala lortuta (53-53). Gasteizko taldeak ez du erasoan asmatu, eta defentsan erraztasunak eman dizkio aurkariari. Ondorioz, lehia estutu egin da. Hala ere, Baskoniak ondo jokatu ditu hirugarren laurdeneko azken hiru minutuak, eta zazpi puntuko abantaila hartu du (80-73) azken laurdenari ekiteko.
Amaierako laurdenaren hasieran, bederatzi puntuko errenta hartu du Baskoniak (85-76). Ondoren, baina, txakalaldia izan du, eta Fuenlabrada izan da nagusi. Madrilgo taldea puntu bakarrera kokatu da (90-89), partida amaitzeko bost minutu falta zirenean. Azken hiru minutuetan, Kirolbet Baskoniak Fuenlabradak baino gehiago asmatu du jaurtiketetan, eta garaipena erdietsi du (101-92).
Fitxa teknikoa:
101 - Kirolbet Baskonia (29+24+27+21): Huertas (8), González (3), Garino (11), Shengelia (22), Poirier (13) -hasierako taldea-, Voigtmann (3), Sedekerskis (0), Diop (4), Jones (2), Shields (15) eta Hilliard (20)
92 - Montakit Fuenlabrada (20+24+29+19): Bellas (9), OŽLeary (2), Cruz (22), Eyenga (16), Kravstsov (14) -hasierako bostekoa-, Rowland (10), Rupnik (0), Garcia (3), Kemp (12), González (4) eta Clark (0)
Epaileak: Daniel Hierrezuelo, Oscar Perea eta Carlos Merino. Patricio Garino (33. min) eta Shavon Shields (38. min) kanporatu dituzte, bost fakta egiteagatik