Baskonia
30. JARDUNALDIA
Baskonia play-offetan izango da Moskun galdu arren (82-78)
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gasteiztarrek ezin izan dute CSKA gainditu, baina Anadolu EFESek irabazi egin dio Armani Milani (101-95), eta emaitza horrek hurrengo fasean egotea ahalbidetu die.
-
Tornike Shengelia saskiratzen bat sartu nahian. Argazkia: EFE
Kirolbet Baskoniak galdu egin du CSKA Moskuren kontra (82-78), azken laurdenean indarrik gabe geratu ostean (27-12); dena dela, gasteiztarrek play-offetan aritzeko eskubidea eskuratu dute, Euroligako fase erregularra ixteko balio izan duen 30. jardunaldian.
Izan ere, Anadolu Efesek azpiratu egin du Olimpia Milan (101-95), eta emaitza horrek mesede egin dio Baskoniari hurrengo fasera sailkatzeko bidean.
Azkenerako, Perasovicen taldeak zazpigarren tokian amaituko du fase erregularra, Zalgirisek Real Madrilen etxean lortutako garaipena dela medio (86-93). Horrenbestez, ostegun honetako arerio bera izango dute aurrez aurre arabarrek hurrengo kanporaketan, duela bi denboraldiko play-offetan gertatu legez. Orduko hartan, errusiarrak aise nagusitu ziren 3 eta 0eko emaitzarekin.
Era honetan geratu dira kanporaketak:
Fenerbahçe vs Zalgiris
CSKA Mosku vs Kirolbet Baskonia
Real Madril vs Panathinaikos
Anadolu Efes vs Bartzelona Lassa
Lehendabizi aipatutako taldeek aldeko dute kantxa faktorea, eta euren etxean jokatuko dituzte lehenengoko bi neurketak, apirilaren 16an edo 17an hasita. Hirugarren eta laugarren (beharrezkoa balitz) norgehiagokak bigarren aipatutako taldeen kantxan lehiatuko dira. Azkenik, bosgarren partidak beharrezkoak balira, lehendabizikoen etxean jokatuko lirateke.
Kanporaketa horietako irabazleek maiatzaren 17tik 19ra bitartean Gasteizen antolatuko den Lauko Finalean izatea lortuko dute.
Ezin irabazi Moskun
Baskonia nagusi izan da partidako lehen 30 minutuetan, eta 11 puntuko aldearekin ekin dio azken laurdenari (55-66), baina jokalariek freskura galdu dute azken 10 minutuetan. Hartara, etxekoek buelta eman diote markagailuari 27 eta 12ko partzialari esker, Will Clyburn estatubatuarraren gidaritzapean (16 puntu eta 20ko balorazioa).
Baskoniaren aldetik, Marcelinho Huertas izan da jokalaririk nabarmenena (17 puntu eta 15eko balorazioa).
Perasovicek minutuak eman dizkie lesioetatik atera berri diren Tornike Shengeliari (6 puntu) eta Patricio Garinori (4 puntu); alabaina, erritmo-falta nabaritu zaie.
Fitxa teknikoa:
82 - CSKA Mosku (17+23+15+27): Hackett (11), De Colo (11), Kurbanov (9), Bolomboy (5) eta Hunter (2) –hasierako bostekoa–, Peters (4), Sergio Rodriguez (6), Clyburn (16), Higgins (14) eta Hines (4).
78 - Kirolbet Baskonia (21+23+22+12): Vildoza (5), Shields (12), Garino (4), Voigtmann (10) eta Poirier (12) –hasierako bostekoa–, Huertas (17), Diop (6), Shengelia (6) eta Hilliard (6).
Epaileak: Borys Ryzhyk (Ukraina), Milivoje Jovcic (Serbia) eta Jurgis Laurinavicius (Lituania). Kurbanov kaleratu dute falta pertsonalengatik.