Baskonia
Euroliga
Kirolbet Baskonia play-offetara sailkatzeko gertatu beharrekoak
AGENTZIAK | EITB.EUS
Baskonia seigarren izan daiteke, baina Euroligatik kanpo ere gera daiteke azken jardunaldian.
-
Tornike Shengelia CSKA Moskuren aurka jokatzen. Artxiboko argazkia.
Aste honetan, osteguna eta ostirala bitartean, Euroligako fase erregularreko azken jardunaldia (hogeita hamargarrena) jokatuko da.
Kirolbet Baskoniari ostegunean dagokio jardutea, eta horretarako Moskura bidaiatu beharko du, CSKAren aurka aritzeko.
Velimir Perasovicen taldea seigarrena da une honetan sailkapenean, eta horrek play-offetan egoteko eskubidea emango lioke. Aitzitik, hainbat dira gerta daitezkeen egoerak azken eguneko norgehiagoken emaitzak zein diren kontuan izanda.
Aurtengo fase erregularra oso estu joan da, eta, hartara, oraindik hiru dira hurrengo kanporaketara sailkatzeko eskubidea ematen, baina jaberik ez duten tokiak. Sei talde dabiltza hiru txartel horien bila: Panathinaikos, Zalgiris, Armani Milan, Makabi Tel Aviv, Olympiakos eta Baskonia bera.
Arabarrak dira sailkatzeko aukera gehien dutenak; haatik, gasteiztarrak seigarren izan daitezkeen moduan, kalean ere gera daitezke. Hala, ezer jokoan ez duen CSKAren aurka irabaztekotan, seigarren tokia bereganatuko lukete, gainerako taldeen emaitzei begiratu beharrik izan gabe. Hala gertatuz gero, Real Madrilen aurka jokatuko lukete Gasteizen egingo den Lauko Finalaren aurretik lehiatu beharreko kanporaketa.
Aitzitik, galduko balute, hirugarrenen emaitzen zain egon beharko lirateke sailkatzeko. Kasu horretan, honako hauek lirateke aldeko izango lituzketen emaitzarik argienak:
- Milanek Anadolu Efesen aurka galtzea (Istanbulen). | |
- Olympiakosek Darussafakaren aurka galtzea (Atenasen). | |
- Zalgirisek Real Madrili irabaztea (Madrilen). |
Aldiz, Baskonia lehiaketatik kanpo geratuko litzateke honako beste emaitza hauek gertatuko balira:
- Fenerbahçe, Milan, Olympiakos, Panathinaikos eta Real Madrilek irabaztea. | |
- Makabi, Milan, Olympiakos, Panathinaikos eta Real Madrilek irabaztea. | |
- Buducnost, Fenerbahçe, Milan, Olympiakos eta Real Madrilek irabaztea. | |
- Buducnost, Makabi, Milan, Olympiacos eta Real Madrilek irabaztea. |
CSKA eta Baskoniaren arteko norgehiagoka 19:00etan hasiko da. Ordea, gasteiztarren sailkapenean zerikusia izan dezaketen zenbait neurketa beste ordutegi batean jokatuko dira: Efes-Milan (19:30), Panathinaikos-Buducnost (20:00) eta Real Madril-Zalgiris (21:00). Gainerako neurketa guztiak ostiralean izango dira.