Itxi

Baskonia

104-67

Baskoniak aise irabazi dio Estudiantesi

Erredakzioa

Kirolbet Baskoniak 104 eta 67 irabazi dio Movistar Estudiantesi Buesa Arenan. Hirugarren da Endesa Ligako sailkapenean, eta hiru garaipeneko aldea du laugarrenarekiko.

5:27
Baskonia - Estudiantes

Kirolbet Baskoniak garaipena lortu du Movistar Estudiantesen aurka (104-67) Buesa Arenan jokatu duen partidan. Hasieratik amaieraraino nagusi izan da Arabako taldea, eta aise irabazi du neurketa.

Norgehiagokako lehen minutuak parekatuak izan dira, eta Baskoniak ez du lortu partida haustea. Estudiantes sendo ibili da erasoan zein defentsan, baina hasierako laurdeneko azken hiru minutuetan Arabako taldea nagusitu da, eta sei puntuko errenta eskuratu du (19-13).

Bigarren laurdenean hautsi du neurketa Perasovicek zuzentzen duen taldeak. Baskonia gainetik pasa zaio Movistar Estudiantesi, eta norgehiagokako 15. minutua gaindituta, 15 puntuko abantaila eskuratu du (36-21). Madrileko taldea ez da gai izan aldeak murrizteko, talde gasteiztarrak ez baitio erraztasunik eman. Ondorioz, Baskoniaren aldeko 43-29ko emaitzarekin iritsi da lehia atsedenaldira.

Atsedenaldiaren ostean, Arabako taldeak ez du ezustekorako aukerarik eman. Erritmo biziarekin jokatzen jarraitu du, eta jaun eta jabe izan da Buesa Arenako kantxan. Estudiantes ezinean ibili da. Gauzak honela, Kirolbet Baskoniak abantaila handitzea lortu, eta 26 puntuko errentarekin amaitu du hirugarren laurdena (76-50).

Azken laurdenerako erabakita egon da partida. Baskoniako jokalariek gozatu egin dute kantxan, baita Buesa Arenara gerturatu diren zaleek ere, taldeak eman duen erakustaldiarekin. Movistar Estudiantesek ezer gutxi egin ahal izan du. Amaieran, Baskonia garaile, 104-67ko emaitzarekin.

Fitxa teknikoa:

104 - Kirolbet Baskonia (19+24+33+28): Vildoza (2), Miguel González (5), Shields (13), Voigtmann (11) eta Poirier (9) -hasierako taldea-, Sedekerskis (7), Huertas (14), Diop (10), Jones (17), Shengelia (11) eta Hilliard (5).

67 - Movistar Estudiantes (13+16+21+17): Cook (3), Brizuela (15), Vicedo (3), Canner-Medley (7) eta Whittington (16) -hasierako taldea-, Clavell (7), Hakanson (3), Suton (7), Grytsak (-) eta Lampropoulos (6).

Epaileak: Fernando Calatrava, Francisco Javier Araña eta Esperanza Mendoza. Diop kanporatu dute bost falta egiteagatik (37. min.).