Itxi

Baskonia

29. JARDUNALDIA

Kirolbet Baskoniak itxaron egin beharko du sailkatzeko (92-102)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Gasteiztarrek galdu egin dute Buesa Arenan Anadolu Efesen aurka, eta azken jardunaldian lortu beharko du play-offetarako sailkapena.

  • Luca Vildoza Shane Larkin defendatzen.

    Luca Vildoza Shane Larkin defendatzen. Argazkia: EFE

Anadolu Efesek hirukoz josi du Kirolbet Baskoniaren saskia (guztira 15 sartu dizkio), eta garaipena eraman du Buesa Arenatik (92-102) Euroligako 29. jardunaldian.

Norgehiagokan zehar hainbat izan dira markagailuak izan dituen gorabeherak, bisitariek azken laurdenean partida haustea lortu duten arte. Zeregin horretan Vasilije Micic joko-antolatzaile serbiarraren jokoak zerikusi handia izan du (11 asistentzia eta 19ko balorazioa), baina baita Shane Larkin (19 puntu eta 24ko balorazioa), Adrien Moerman (21 puntu eta 22ko balorazioa) eta Tibor Pleissek(21 puntu eta 28ko balorazioa) osatutako hirukotearen ekarpenak ere.

Etxekoen aldetik, Johannes Voigtmann pibotak bere taldearen erritmoa ezarri du (13 puntu eta 23ko balorazioa), baina alemaniarra nekatu denean, Baskoniak antzeman egin du, nahiz eta Luca Vildoza saiatu den bere energiarekin taldekideak suspertzen (23 puntu eta 34ko balorazioa). Shavon Shieldsek ere neurketa polita jokatu du (16 puntu eta 15eko balorazioa) , baina ez da nahikoa izan partida irabazi eta play-offetarako sailkapena erdiesteko.

Horrenbestez, Gasteizek agur esan dio fase erregularrari kolpe gogorra jasota, eta, hartara, taldea CSKA Moskuren etxean saiatu beharko da hurrengo kanporaketan izateko eskubidea emango liokeen garaipena bereganatzen datorren ostegunean (19:00).

Baskonia une honetan seigarren tokian dago sailkatuta Panathinaikosen garaipen eta porrot kopuru berarekin (15-14), eta haien atzetik hurrengo fasean egoteko aukerak dituzten lau talde daude, 14 norgehiagoka irabazita: Zalgiris Kaunas, Armani Milan, Makabi Tel Aviv eta Olympiakos.

Bestalde, Perasovicek ez du Shengelia kantxaratu neurketa guztian zehar, nahiz eta georgiarrak aste honetan senda-agiria jaso duen eta gainerako taldekideekin batera aulkitxoan egon den.

Fitxa teknikoa:

92 - Kirolbet Baskonia (26+27+14+25): Vildoza (23), Huertas (7), Shields (16), Voigtmann (13) eta Poirier (8) –hasierako bostekoa–, Diop (-), Jones (13) eta Hilliard (12).

102 - Anadolu Efes (30+18+26+28): Larkin (19), Tuncer (5), Anderson (2), Moerman (21) y Pleiss (21) –hasierako bostekoa–, Beaubois (5), Balbay (6), Motum (4), Sanli (4), Micic (7) eta Simon (8).

Epaileak: Robert Lottermoser (Alemania), Fernando Rocha (Portugal) eta Jakub Zamojski (Polonia). Beaubois kaleratu dute faltengatik.