Itxi

Baskonia

Laugarren norgehiagoka

Maccabi-Caja Laboral (99-77): Jipoia, Euroligari agur esateko

Josu Bilbao

Erredakzioa

Israelgo taldeak erakustadia eman du atsedenaldiaren ostean eta gasteiztarrek ezin izan dute horien erasoa gelditu. Pargok ederki gidatu du talde horia eta arabarrek ezin izan dute gelditu.

Arabarrak Euroligatik at gelditu dira Tel Aviveko Nokia Arenan bigarren jipoia jaso eta gero. Lehen zatian partida nahiko parekatua joan da eta atsedenaldira 51-52 markagailuan goitik joan dira Ivanovicen mutilak. Hirugarren laurdenean Maccabik asko sakatu du eta norgehiagoka azkar utzi dute erabakita horiek. Azken emaitza 99-77koa izan da, batez ere Jeremy Pargo antolatzailearen lan bikainari esker.

Partida hasi bezain laster erasoan gogor hasi dira Israelekoak eta zaleen laguntzarekin 8-4ko partziala lortu dute. Horiak aurretik mantendu dira markagailuan eta Caja Laboralek ezin izan du defentsan eutsi. Hala ere Maccabi akatsak egiten hasi da eta Baracen saskiraketa bati esker Baskoniak berdinketa jarri du (20-20). Loganek gasteiztarrak aurretik jarri ditu markagailuan (22-23), baina Pargok 25-23koa jarri du lehenengo laurdenaren bukaeran.

Bigarren laurdenean Pargok Maccabi gidatzen jarraitu du, baina Ivanovicen taldeak intentsiate gehiago ezarri du kantxan eta Olesonek saskiraketa garrantzitsuak lortu ditu arabarrentzat (31-36). Bluk eta Pninik hiruko lerrotik min handia egin diote Baskoniari, baina Teletoviek txirrinaren gainean lortutako hiruko bati esker 51-52 aurretik joan da Caja Laboral atsedenaldira.

Hirugarren laurdenean etxeko taldeak asko sakatu du taula azpian Hendrixen lan bikainari esker eta Maccabik 6 puntuko alde garrantzistua lortu du markagailuan (62-56). Caja Laboralek une kaskarra izan du eta Pninik aukera ondo aprobetxatu du 11 puntuko aldea jartzeko (67-56). Horiek erraz agindu dute kantxan eta Hendrixek 77-60koa lortu du. Azken laurdenera partida oso zaila jarri zaio Baskoniari 79-62ko markagailuaz.

Laurden erabakigarrian Israelgo taldeak berdin jarraitu du erasoan eta baskoniarrek ezin izan dute markagailua irauli. Pargok ederki gidatu ditu Tel Avivekoak eta 87-64koarekin erabakita gelditu da norgehiagoka. Kanporaketa eta partida erabakita gelditu dira eta bi taldeek saskiraketa errazak lortu dituzte azken minutuetan azken 99-77koa jartzeko. Horrela Maccabik Laudo Finalerako txartela eskuratu du.

- Fitxa teknikoa:

99 - Maccabi Tel Aviv (25+26+28+20): Pargo (26), Pnini (22), Eidson (7), Eliyahu (12), Schortsanitis (5)-hasierako bostekoa-, Hendrix (8), Blu (17), Macvan (2), Burnstein, Sharp.

77 - Caja Laboral (23+29+10+15): Huertas (12), Oleson (13), San Emeterio (8), Teletovic (17), Batista (9)-hasierako bostekoa-, Logan (5), Barac (10), Ribas (3).