Itxi

Baskonia

Garaipena, etxean

Baskonia Teneriferi gailendu zaio eta sendo da hirugarren postuan

Agentziak | Erredakzioa

Arabarrek 85 eta 68 irabazi diete kanariarrei, Buesa Arenan jokatutako Liga partidan.

4:51
Baskonia-Tenerife

Kirolbet Baskoniak ez dio aukerarik eman Iberostar Teneriferi eta 85-68 gailendu da Buesa Arenan jokatutako partidan. Defentsan eta abiaduran oinarritutako garaipena izan da.

Arabarren partida ia perfektua izan da, defentsako errebotean izan dituzten arazo batzuk alde batera utzita. Lehen zatian arazo horiek kalte egin diete eta kanariarrek hori aprobetxatu dute bigarren laurdenean markagailuan gerturatzeko.

Partida hasieratik, Perasovicen taldeak kontraerasoa bilatu du. Lau baloi errekuperatu dituzte eta horren min handia egin dio Teneriferi, ezin izan baitituzte Baskoniaren trantsizioak geldiarazi. Ondorioz, Baskonia 22 eta 12ko aldeko markagailuarekin hasi du bigarren laurdena.

Momentu horretan, Iberostar presioa zonan egiten hasi da aurkariaren erritmoa aldatzen saiatzeko eta 3 eta 12ko partziala egin dute (25-24). Baskonia ez da aurreko minutuetan bezain eroso ibili.

Txus Vidorretaren taldeak partidan sartuta jarraitu du erasoko erreboteari eta Tim Abromaitisek jarraian sartutako bi hirukoei esker. Horrela, aurretik jarri dira markagailuan, 32-35, baina Baskoniak ondo erreakzionatu du eta36-35 jarri da berriro aurretik.

Hala ere, arabarrek erregulartasunari eutsi diote eta hirugarren laurden ona egin dute. Luca Vildozak hirukoa sartu du azken segundoan eta etxekoek 61 eta 50ko emaitzarekin hasi dute azken laurdena.

Azken 10 minutuetan, 68 eta 52ko aldea 11 puntura jaistea lortu dute kanariarrek, baina gasteiztarrak ez dira urduritu eta azkenean 85 eta 68 gailendu dira.



Fitxa teknikoa

85 - Kirolbet Baskonia (22+14+25+24): Vildoza (14), Shields (17), Garino (5), Voigtmann (13) y Poirier (9) -hasierako boskotea-, Sedekerskis (-), Huertas (2), Diop (2), Jones (8) eta Hilliard (15).

68 - Iberostar Tenerife (12+23+15+18): Bassas (3), White (6), Brussino (-), Abromaitis (20) y Saiz (-) -hasierako boskotea-, San Miguel (-), Staiger (8), Iverson (4), Niang (9), Joesaar (16) eta Guillet (2).