Baskonia
112-95
Baskoniak garaipena lortu du Unicajaren aurka eta hirugarren postua sendotu du
Erredakzioa
Kirolbet Baskoniak 112-95eko emaitzarekin irabazi du Buesa Arenan jokatu duen partida, hirugarren postua eskuratzeko lehian aurkari zuzena den Malagako taldearen kontra.
Kirolbet Baskoniak 112-95eko emaitzarekin irabazi dio Unicajari Buesa Arenan, Endesa Ligako 21. jardunaldiko partida. Ondorioz, hirugarren postua sendotu du Arabako taldeak, Malagako taldea aurkari zuzena baita.
Gaizki ekin dio Baskoniak neurketari, 0-5eko partziala jasota. Ondoren, partida oso maldan gora jarri zaio Perasovicek zuzentzen duen taldeari, Unicaja aldeak handitzen hasi baita, 13 puntuko errenta eskuratu duen arte (6-19). Lehen laurdenaren azken txanpan lortu du Kirolbet Baskoniak desabantaila apur bat murriztea, baina zortzi puntu behetik (16-24) ekin dio bigarren laurdenari.
Arabako taldearen jokoak hobera egin du hamargarren minututik aurrera. Defentsa sendotu du Baskoniak, eta erasoan ere errazago saskiratzea lortu du. Pixkanaka aldeak murriztean hasi da Kirolbet Baskonia, eta norgehiagoka berdindu du (30-30) bigarren laurdeneko lehen lau minutuetan. Ondoren, aurrea hartu du etxeko taldeak, eta aurkaria baino gehiago izanda, zortzi puntuko abantailarekin heldu da atsedenaldira (51-43).
Hirugarren laurdenari bikain ekin dio Baskoniak. Unicaja ezinean ibili da Buesa Arenan, atsedenaldiaren ostean. Ondorioz, abantaila polita eskuratu du Baskoniak (67-50). Malagako taldeak, ordea, ez du etsi eta desabantaila bederatzi puntura murriztea lortu du, laurdenaren amaieran (86-77).
Hamazazpi puntuko abantaila aurkariak bederatzi puntura murriztuta hasi du azken laurdena Kirolbet Baskoniak, baina amaierako hamar minutuetan aurkaria baino gehiago izan da. Neurketa haustea lortu du talde gasteiztarrak azken laurdenaren lehen erdian hamazortzi puntuko errenta lortuta (98-80). Amaierako minutuak ondo kudeatu ditu Baskoniak, eta garaipena eskuratu du (112-95).
Fitxa teknikoa:
112 - Kirolbet Baskonia (16+35+35+26): Vildoza (12), Shields (18), Garino (16), Voigtmann (18), Poirier (18) -hasierako taldea-, Sedekerskis (-), Huertas (6), Diop (11), Jones (4) eta Hilliard (9).
95 - Unicaja (25+18+34+18): Boatright (9), Milosavljevic (15), Waczynski (5), Wiltjer (23) eta Lessort (15) -hasierako taldea-, Okouo (-), Salin (6), Diez (4), Shermadini (4), Roberts (7) eta Suarez (7).
Epaileak: Antonio Conde, Oscar Perea eta Raul Zamorano. Poirier kanporatu dute bost falta egiteagatik (38. min). Falta teknikoa adierazi diote Luis Casimirori (18. min).