Baskonia
FINAL-LAURDENAK
Finalerdietarako txartela, gasteiztarren jomuga
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Baskoniak Joventut talde katalana izango du aurrez aurre gaur, Errege Kopako hirugarren final-laurdenean (19:00).
Kirolbet Baskoniak Divina Seguros Joventut talde katalana izango du aurrez aurre gaur, Errege Kopako hirugarren final-laurdenean arratsaldeko 19:00etan.
Gasteizko taldea Jayson Granger joko-antolatzaile uruguaitarraren eta Tornike Shengelia pibot georgiarraren hutsuneei aurre egiteko gai izan da (bata zein bestea denbora luzerako daude lesionatuta), eta une gozoan helduko da Madrilen jokatzen ari den txapelketara.
Joventut, bere aldetik, ezustean sailkatu da Kopa honetan parte hartzeko, talde gaztea baitu; alabaina, eskarmentu handia duen Nico Laprovittola joko-antolatzaile argentinarra da taldeko aginte-makila daramana.
Nahiz eta ez duen etxean jokatzen, Baskonia izango da WiZink Center kantxan jarraitzaile gehien bilduko duen bigarren taldea (2.000 inguru), etxean jokatzen duen Real Madrilen atzetik (3.500 zale). Beraz, Velimir Perasovicen jokalariak ondo babestuta egongo dira.
Madrilek oroitzapen onak dakarkio talde gasteiztarrari, bertan jokatu diren azken hiru Kopa Txapelketatik bi irabazi baititu (2006an eta 2009an). Urte horretakoa da, hain zuzen ere, gasteiztarrek eskuratu duten azken kopa garaikurra (Unicaja azpiratu zuten finalean, 98-100). Urtebete aurretik, aitzitik, arabarrek galdu egin zuten etxean jokatutako finala, Joventuten kontra, hain justu. Talde katalanak orduan irabazi zuen dituen zortzi Kopa Txapelketatik azkena.
Shengelia eta Granger gabe, Luca Vildoza argentinarrak eta Johannes Voigtmann alemaniarrak aurrerapausoa eman dute. Horrez gain, Jalen Jones estatubatuar etorri berriak intentsitatea eman dio jokoari. Marcelinho Huertasek, berriz, balio handiko ekarpena egiten jarraitzen du.
Gasteiztarrek orain arte Endesa Ligan ezuste nagusia ematen ari den taldea izango dute aurrez aurre. Carles Duranen jokalarien artean Laprovittola da beste guztien gainetik nabarmentzen ari dena; izan ere, bera da Endesa Ligan, bataz beste, puntu gehien sartzen dituen jokalaria (15,7 partidako), baita asistentzia gehien ematen dituena ere (6,45) dituen. Gainera, 30 minutu ari da jokatzen partida bakoitzeko.
Berarekin batera, Marko Todorovic pibot montenegroarra ere sasoiko dabil, bere sustraietara bueltatu den urtean (Joventuten hazi zen, eta gero Bartzelonan, Bilbon eta Errusiako Khimkin jokatu du). Haatik, taldeko hirugarren osagai garrantzitsuenak, Shawn Dawson hegaleko israeldarrak, ezingo du jokatu, min hartuta baitago denboraldi guztirako. Simon Birgander pibot suediarra ere lesionatuta dago eta ez da Madrilen egongo. Azkenik, ez da segurua Dakota Mathias eskolta estatubatuarra jokatzeko moduan egongo denik, arazoak baititu ezkerreko orkatilan.
Bi taldeek dagoeneko jokatu dute elkarren aurka denboraldi honetan. Neurketa Badalonan izan zen, eta Baskonia gailendu bazen ere, asko sufrituta izan zen (67-68).