Baskonia
22. jardunaldia
Baskoniak Bayern garaitu eta bere egin du talde bien arteko puntu diferentzia 76-68
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gasteiztarrek zortzigarren postuan jarraitzen dute sailkapenean 11 lehia irabazita, eta Bayern eta Armani Milan taldeekin berdinduta daude.
-
Vincent Poirier eta Nihad Dedovic, errebote bat harrapatu nahian. Argazkia: EFE
Kirolbet Baskoniak aurrerapauso handia eman du Euroligako play-offetan sartzeko erronkan, Buesa Arenan Bayern Munich sendo bati irabazi ostean (76-68). Gasteiztarrek, bide batez, talde bien arteko puntuen aldea edo averagea euren alde jartzea lortu dute, Alemanian jokatutako lehen itzuliko partidan sei puntugatik besterik ez baitzuten galdu (77-71).
Horrenbestez, meritu handiko garaipen horri esker (jarraian lortutako laugarrena), Gasteizko taldeak zortzigarren postuan jarraitzen du sailkatuta, Bayernekin eta Armani Milan talde italiarrarekin berdinduta (hirurek 11 norgehiagoka irabazi dituzte orain arte, eta beste horrenbeste galdu). Italiarrek Darussafaka azpiratu dute ostiral honetan (90-78).
Neurketako jokalari nabarmenei dagokienez, etxekoen artean Vincent Poirierrek jokatu du partidarik onena (11 puntu, 11 errebote eta 21eko balorazioa); aitzitik, beste jokalari batzuek ere euren zertzeladak erakutsi dituzte: Shavon Shields (10 puntu eta 13ko balorazioa), Johanes Voigtmann (10 eta 11) eta Jalen Jones (12 eta 7).
Bisitarien aldetik, berriz, Derrick Williams izan da beste behin Bayernen jokalarik nabarmenena (18 puntu eta 18ko balorazioa), baina tarteka Stefan Jovic joko-antolatzaile serbiarraren hutsunea nabaritu du.
Otsailaren 21ean jokatuko den txapelketako hurrengo jardunaldian, hogeita bigarrena, Baskoniak sailkapenean bosgarren tokian dagoen Bartzelonaren kantxan jokatuko du.
Fitxa teknikoa:
Kirolbet Baskonia 76 (19+19+21+17): Vildoza (6), Janning (13), Shields (10), Voigtmann (10) eta Poirier (11) –hasierako bostekoa–, Huertas (5), Diop (4), Jalen Jones (12) eta Hilliard (5).
Bayern Munich 68 (18+21+16+15): Lo (5), Djedovic (8), Lucic (8), Barthel (11) eta Radosevic (6) –hasierako bostekoa–, Dangubic (2), Hobbs (3), King (-), Koponen (7), Amaize (-), Derrick Williams (18) eta Ogunsipe (-).
Epaileak: Borys Ryzhyk (Ukraina), Olegs Latisevs (Letonia) eta Ioannis Foufis (Grezia). Ez dute inor kanporatu.