Itxi

Baskonia

21. JARDUNALDIA

Kirolbet Baskonia nagusitasun osoz gailendu zaio Makabiri (97-73)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Velimir Perasovicen mutilek garaipen erraza lortu dute lehen zortzien artean sailkatzeko berebiziko garrantzia zuen partidan. 10 garaipenekin daude orain sailkapenean.

  • Darrun Hilliard

    Darrun Hilliard Makabiren saskiaren bila. Argazkia: EFE

Kirolbet Baskoniak aise irabazi dio ostegun honetan Buesa Arenan Tel Aviveko Makabiri (97-73), Euroligako 21. jardunaldiari zegokion partidan. Garaipen horrekin play-offetan izateko hautagai garbia dela berretsi dute arabarrek. Une honetan, zortzigarren postuan daude behin-behineko sailkapenean, 10 norgehiagoka irabazi eta 11 galduta.

Gainera, Gasteizko taldea aurkari zuzenari gailendu zaio, eta, bide batez, abantaila bikoitza atera dio: batetik, aipatutako gaurko garaipena; bestetik, bien arteko averagea. Izan ere, sailkapenean berdinduta amaituz gero, Baskonia geratuko litzateke aurretik.

Johannes Voigtmann alemaniarra izan da neurketako jokalaririk nabarmenena (20 puntu eta 21eko balorazioa), baina Darrun Hilliard (19 puntu eta 23ko balorazioa) eta Shavon Shields (13 puntu eta 20ko balorazioa) estatubatuarrak ere maila onean aritu dira etxeko taldean.

Israeldarrek ez dute ahalmen asko erakutsi Scottie Wilbekin joko-antolatzailearen ekarpenaz aparte (19 puntu eta 18ko balorazioa).

Baskoniak laurden guztiak irabazi ditu, laugarrena izan ezik, azken horretan Perasovicen mutilak lasaitu egin baitira (26-18, 28-23, 27-16 eta 16-16).

Fitxa teknikoa:

Kirolbet Baskonia 97 (26+28+27+16): Vildoza (16), Janning (5), Shields (13), Voigtmann (20) eta Poirier (7) –hasierako bostekoa–, González (-), Huertas (4), Diop (8), Jones (5) eta Hilliard (19).

Makabi Fox Tel Aviv 73 (18+23+16+16): Wilbekin (19), Pargo (8), Caloiaro (5), O'Bryant (15) eta Black (10) –hasierako bostekoa–, Ray (2), Roll (2), Avdija (6), Tyus (2), Di Bartolomeo (-), Cohen (4) eta Zoosman (-).

Epaileak: Luigi Lamonica (Italia), Ilija Belosevic (Serbia) eta Milos Koljensic (Montenegro). Ray kanporatu dute 38. minutuan, 5. falta egiteagatik.