Baskonia
18. JARDUNALDIA
Kirolbet Baskoniak irabazi egin dio Kanaria Handiari lesioei aurre eginda (83-66)
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gasteiztarrek Johannes Voigtmannen hutsunea izan dute azken orduan, sukarrak jota baitzegoen alemaniarra.
-
Vincent Poirier. Argazkia: EFE
Kirolbet Baskoniak zailtasun guztiei aurre egin die ostiral honetan, Euroligako 18. jardunaldian, eta Herbalife Kanaria Handiari gailendu zaio 83-66, zortzi jokalarirekin bakarrik.
Izan ere, Johannes Voigtmann pibotak ezin izan du jokatu azken orduan, sukarrak jota zegoelako. Dena den, Vincent Poirierrek (24ko balorazioa) eta Ilimane Diopek (25eko balorazioa) ezin hobeto bete dute alemaniarrak utzitako hutsunea.
Nabarmendu den hirugarren jokalaria 29 puntu saskiratu dituen Marcelinho Huertas izan da. Brasildarra taldeko arima bihurtu da Tornike Shengeliaren lesioa gertatu zenetik.
Kanaria Handiak saski azpian zigortu du Baskonia hasierako minutuetan. Velimir Perasovicen jokalariak ez dira fin ibili erasoari begira tarte horretan. Aurkarien aldetik, berriz, Ondrej Balvin txekiarrak eta Kim Tillie frantziarrak 9-21era arte zabaldu dute aldea. Dena dela, etxekoek erreakzionatu egin dute lehen laurdenaren amaiera iritsi orduko (16-23).
Bere taldearen gabezien jakitun, etxekoen entrenatzaile kroaziarrak etengabe aldatu du kantxa gainen zeukan bostekoa, bisitarien barneko jokoari aurre egiteko.
Horrela, arabarrek, atzean egindako lanean oinarrituta eta zenbait baloi lapurtu ostean, saskiratze errazak erdietsi dituzte, eta horrek markagailua estutzea ekarri du (27-30, 14. min).
Aitzitik, Marcus Eriksson suediarraren bi hirukok horien aldeko zuloa zabaldu du berriz; alabaina, hiru puntuko aldea besterik ez zegoen atsedenaldian (39-42).
Kanariarrek indartsu jarraitu dute errebote lanetan hirugarren laurdenean ere, baina Baskoniak jaurtiketa libreen bidez irauli du neurketa, eta Poirier eta Diopi esker egonkortasuna lortu du pinturan.
Hain zuzen ere, senegaldarrak eta Huertasek sartu dituzten bi hirukok markagailuan aurretik jartzea ahalbidetu dute hirugarren kapituluaren bukaeran (55-51).
Baskoniaren partzialak handiagotzen jarraitu du 12-2ra heldu arte, eta 10 puntuko tartea ireki da bi taldeen artean azken laurdenaren hasieran.
Gasteiztarrek gogor segi dute defentsa lanetan, eta zulo hori are handiagoa bihurtu da, goitik behera erori den Kanaria Handiaren aurrean. Azkenerako, Baskoniak uste baino abantaila handiagoarekin bereganatu du partida, eta zortzi garaipenekin jarri da sailkapenean.
Fitxa teknikoa:
Kirolbet Baskonia 83 (16+23+16+28): Huertas (24), Janning (3), Hilliard (9), Shields (7) eta Poirier (20) –hasierako bostekoa–, Penava (2), Vildoza (5) eta Diop (13).
Herbalife Gran Canaria 66 (23+19+9+15): Oliver (2), Eriksson (11), Rabaseda (-), Baez (12) eta Balvin (16) –hasierako bostekoa–, Magette (-), Vene (-), Pauli (2), Pasecniks (4), Strawberry (5), Fischer (5) eta Tillie (9).
Epaileak: Christos Christodoulou (Grezia), Fernando Rocha (Portugal) eta Milan Nedovic (Eslovenia). Ez da kanporaturik izan.