Baskonia
66-82
Baskoniak ez du huts egin Manresaren aurka
Erredakzioa
Arabako taldeak 3. postuan jarraitzen du Endesa Ligan, eta Koparako sailkatzea lortu du.
Kirolbet Baskoniak garaipena lortu du Baxi Manresaren aurka (66-82) Endesa Ligako 15. jardunaldiko norgehiagokan. Arabako taldeak sailkapeneko 3. postuan jarraitzen du, eta Koparako sailkatzea lortu du.
Baskoniak hasiera ona eman dio neurketari, 2-14ko partzialarekin, eta azkar ireki du zuloa. Baxi Manresak, ordea, ez du horren azkar etsi nahi izan, eta taldearen joko-maila hobetuta, aldea murriztea lortu du (12-17). Lehen laurdena ez du ondo amaitu Perasovicek zuzentzen duen taldeak, baina, halere, 4 puntuko abantailarekin bukatu ditu lehen 10 minutuak (16-20).
Bigarren laurdena parekatuta hasi da, baina neurketako 15. minutua iritsi denean Baskoniak 9 puntuko errenta eskuratu du (22-31). Kataluniako taldeak, ordea, lanean jarraitu du, aldea murriztu du, eta Baskonia 6 puntuko errentarekin iritsi da atsedenaldira (32-38).
Atsedenaldiaren ostean, 11 puntuko abantaila hartu du Kirolbet Baskoniak, baina partida osoan zehar bezala, Baxi Manresak ez du etsi eta, lan eskerga eginda, 2 puntura gerturatu da (49-51) hirugarren laurdena bukatzeko 2 minutu baino gutxiago falta zirenean. Azkenean, Arabako taldearen aldeko 49-53ko emaitzarekin amaitu da.
Azken laurdenaren hasieran, Baskoniari kosta egin zaio Manresa menderatzea. Etxeko taldea ekinean aritu da, eta lan eskerga eginarazi dio Arabako taldeari. Neurketako azken 5 minutuetan, ordea, nagusi izan da talde gasteiztarra, zuloa ireki du markagailuan, eta garaipen argia eskuratu du: 66-82.
Fitxa teknikoa:
66 - Baxi Manresa (16+16+18+16): Lundberg (13), Toolson (11), Tomàs (6), Dragovic (2), Lalanne (15) –hasierako bostekoa– Sima (8), Lukovic (-), Muñoz (6), Jou (3) eta Fisher (2).
82 - Kirolbet Baskonia (20+18+16+28): Huertas (4), Janning (8), Shields (2), Voigtmann (15), Poirier (18), –hasierako bostekoa–, Vildoza (7), Diop (10), Hilliard (18) eta Penava (-).
Epaileak: Peruga, Serrano eta Sanchez Sixto. Ilimane Diop kanporatu dute, 36. minutuan.