Baskonia
Garaipena etxean
Baskoniak ez dio Breogani aukerarik eman eta bederatzigarren garaipena lortu du
Agentziak | Erredakzioa
Gasteiztarrak eroso jokatu dute eta 100 eta 78 gailendu dira. Horri esker, sailkapeneko goiko postuetan jarraitzen dute.
-
Jayson Granger. Argazkia: Efe.
Kirolbet Baskoniak ez dio Cafes Candelas Breogani aukerarik eman eta sailkapeneko lehen postuei eutsi die Buesa Arenan 100 eta 78 irabazita. Perasovicek zuzentzen duen taldeak partida serioa jokatu du, neurketa bigarren laurdenean hautsita.
Arabarrek huts asko egin dituzte jaurtiketa libreetan (% 57 asmatu dute) baina partida eroso eraman dute, bigarren zatiaren hasieran galiziarrak bost puntura jarri diren arren (45-40).
Baskoniak 14 puntuko gehienezko aldea lortu du, 32-18, partidako 16. minutuan, Jayson Grangerrek sartutako hiruko bati esker. Ondoren, 39 eta 20 jarri dira 14 eta 4ko partzialari esker. Arabarrek maisutasunez aurer egin diote Breoganen defentsa estrategiari.
Aleksandar Cvetkovicek eta Jerome Jordanek egindako lanari esker, Baskoniak ez du bere aldea gehiago handitu, eta 43 eta 28ko emaitzarekin iritsi dira atsedenaldira.
Hirugarren laurdenean, galiziarrak gogotsu atera dira aldegeletatik eta partida bost puntuko diferentzian jarri dute, 45-40, 2 eta 12ko partzialari esker.
Perasovicek Ilimane Diop kantxan sartu du eta aldaketak indarra eman die gasteiztarrei. Hirugarren laurdena 69 eta 51 amaitu da.
Azken laurdenaren hasieran Breoganek hiruko lau saskiratze sartu ditu. Hala ere, azken bost minutuetan Baskoniarrek behin betiko aldea zabaldu dute eta garaipena Gasteizen geratu da (100-78).
Fitxa teknikoa
100 - Kirolbet Baskonia (18+25+26+31): Vildoza (7), Janning (8), Shields (6), Shengelia (17) eta Diop (20) -hasierako boskotea-, Miguel González (3), Voigtmann (5), Huertas (4), Granger (11), Poirier (4) eta Hilliard (15).
78 - Cafés Candelas Breogán (13+15+23+27): Cvetkovic (21), Redivo (10), Vidal (5), Brown (12) eta Jerome Jordan (17) -hasierako boskotea-, Lofberg (8), Arco (-), Belemene (-), Sulejmanovic (2) eta Díaz (3).