Itxi

Baskonia

7. JARDUNALDIA

Buducnostek hirukoen bidez irabazi dio Kirolbet Baskoniari (99-84)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Horrenbestez, Montenegroko taldeak lehen garaipena lortu du, eta txapelketako marka hautsi du hiruko jaurtiketetan, 21 sartu baititu.

  • Matt Janning saskiratzeko ahaleginean. Argazkia: EFE

    Matt Janning saskiratzeko ahaleginean. Argazkia: EFE

Kirolbet Baskoniak Euroligako bosgarren porrota pilatu du ostegun honetan, txapelketak zazpi jardunaldi bete dituenean. Izan ere, gasteiztarrek 99-84 galdu dute Buducnosten etxean.

Montenegroarrek, berriz, aurtengo lehen garaipena erdietsi dute hiruko jaurtiketetan Euroligan inoiz izan den markarik onena lortuta (21 hiruko). Horietako sei Edwin Jacksonek sartu ditu (24 puntu eta 31ko balorazioa).

Buducnostek oso indartsu ekin dio partidari, 12-5eko partziala lortu baitu lau hiruko bata bestearen atzetik sartuta. Horren aurrean, Pedro Martinezek hutsartea eskatu du etxekoen bolada ona eteteko asmoz, baina ez du bere xedea guztiz lortu, lehendabiziko hamar minutuak amaitu direnean markagailuko emaitza 26-18 baitzen.

Montenegroko taldeak bigarren laurdenean ere eraginkor jarraitu du urrutiko jaurtiketetatik (22-19), eta atsedenaldira heldu direnean 9 saskiratze zeramatzan distantzia horretatik, 16 ahalegin egin ondoren (43-37). Ordurako, Earl Clark hegal pibotak 13 puntu zituen sartuta, eta Baskoniaren aldean, ordea, ez zegoen erantzunik.

Aitzitik, bigarren zatiaren hasieran saiatu dira, baina Buducnostek ondo egin dio aurre gasteiztarren ahalegin horri, hiruko jaurtiketetan are zorrotzago egonda.

Laurden horretako 27-23ko partzialak orain ere partidaren barruan egotea ahalbidetu dio Baskoniari, baina irudikeria hutsa besterik ez da izan, Buducnostek ondo kudeatu baitu zeukan aldea. Edwin Jackson frantziarra arduratu da horretaz, bata bestearen atzetik saskiratu baititu hirukoak. Hartara, bere ekarpenak berebiziko garrantzia izan du Euroligan talde batek inoiz sartu duen hiruko kopuru handiena gauzatzeko garaian.

Hain zuzen ere, 21 hiruko saskiratze lortu ditu Buducnostek 34 saiakera egin eta gero. Horren aurrean, ezerezean geratu da Pedro Martinezek zuzentzen duen taldearen edozein ahalegin.

Baskoniaren aldetik, Marcelinho Huertas joko-antolatzailea nabarmendu da 13 puntu eta 23ko balorazioarekin. Shengeliak 16 puntu erdietsi ditu, eta Shavon Shields eta Darrun Hilliard estatubatuarrek, 14 bakoitzak.

Azkenerako, Baskoniak hirugarren norgehiagoka galdu du jarraian: Euroligako aurreko jardunaldian ere galdu egin baitzuen Buesa Arenan Fenerbahçeren aurka (72-74), eta gauza bera gertatu zitzaion Endesa Ligan MoraBanc Andorraren kontra (93-73).

Fitxa teknikoa:

Buducnost Voli 99 (26+22+27+24): Gordic (2), Edwin Jackson (24), Suad Sehovic (9), Earl Clark (20), Omic (2) –hasierako bostekoa– Coty Clarke (10), Nikola Ivanovic (11), Barovic (3) eta Danilo Nikolic (18).

Kirolbet Baskonia 84 (18+19+23+24): Huertas (13), Matt Janning (4), Shavon Shields (14), Shengelia (16), Ilimane Diop (8) – hasierako bostekoa – Vildoza (3), Voigtmann (2), Poirier (10), Garino (0) eta Hilliard (14).

Epaileak: Latisevs, Paternico eta Papapetrou. Ez dute inor kanporatu.