Itxi

Baskonia

6. JARDUNALDIA

Kirolbet Baskoniak ezin izan du Fenerbahçe garaitu Buesa Arenan (72-74)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Gasteiztarrak aurretik joan dira lehiako zati handi batean, baina azken laurdenean 17-26ko partziala jaso dute, eta horrek porrota ekarri die.

  • Sloukas eta Marcelinho, nor baino nor. Argazkia: EFE

    Sloukas eta Marcelinho, nor baino nor. Argazkia: EFE

Kirolbet Baskoniak ezi izan du Fenerbahçe garaitu ostiral honetan, Buesa Arenan, Euroligako seigarren jardunaldiari zegokion partidan (72-74). Etxekoak talde turkiar ahaltsua baino gehiago izan dira ia partida osoan zehar, baina amore eman behar izan dute bisitarien eskarmentuaren aurrean, oso estu joan diren azken minutuetan.

Horrenbestez, lehiaketako txapeldunordearen aurka galdu eta gero, gasteiztarrek bi partida irabazi eta lau porrot pilatu dituzte orain arte.

Pedro Martinezen taldeari hiruko jaurtiketetan azaldutako punteria ezak (27tik 5 sartu dituzte) ekarri dio hondamena. Matt Janning izan da estatistika txar horren adibide nagusiena, hegaleko estatubatuarra guztiz antzu ibili baita distantzia horretatik (11tik bakarra erdietsi du).

Gainera, hutsegite horietako lau azken minutuan etorri dira, eta turkiarrek ondo baino hobeto baliatu dituzte txapelketako bosgarren garaipena erdiesteko.

Baskoniak ondo bete ditu etxeko-lanak defentsa arloan, arerioen bi jokalarik besterik ez baitute lortu hamar puntutik gora egitea: Datomek (16 puntu) Lauvergnek (15). Aitzitik, Endesa Ligako liderra dena ez da fin ibili azken hiru minutuetan izandako falta pertsonalen dantzan.

Norgehiagoka atsedenaldira heldu denean, markagailuak berdinketa adierazten zuen (33-33). Haatik, emaitza horrek ez zuen irudikatzen arabarrek defentsan egindako lan ona, nagusi izan baitira erreboteetan, baina, kontrara, baloi gehiegi galdu dituzte.

Etxekoak zama hori zuzentzeko gai izan dira, baina hala egin dutenean, Sloukasek pare bat atakatik atera du Fenerbahçe, eta partidan sartuta jarraitu dute turkiarrek.

Finean, Baskoniak intentsitate handia azaldu du defentsan, baina eraginkortasun gutxi saskiari begira, eta gauzak are zailago jarri zaizkio Grangerren lesioarekin.

Hartara, neurketa berdinduta iritsi da azken bi minutuetara (67-67). Ondoren, Shengeliak aurretik jarri du bere taldea, Ilimane Diopek huts egindako jaurtiketa libre baten ostean biko saskiratze bat lortuta (70-69).

Fenerbahçeren erantzuna 4,60ko marratik etorri da Nikola Kalinicen eskutik. Serbiarrak puntu bateko abantaila eman dio bere taldeari 30 segundoren faltan (70-71). Zoritxarrez, Baskoniak ez du ondo kudeatu hurrengo jokaldia, eta Fenerbahçek jaurtiketa libreen bidez utzi du erabakita lehia, epaileek Janningen kirolez kontrako falta bat adierazi eta gero (72-74).

Fitxa teknikoa:

KIROLBET Baskonia 72 (20+13+22+17): Huertas (-), Hilliard (8), Shields (-), Shengelia (15) eta Poirier (7) –hasierako bostekoa–, Vildoza (6), Voigtmann (-), Diop (17), Janning (7), Granger (2) eta Garino (10).

Fenerbahçe Estambul 74 (18+15+15+26): Muhammed (3), Erick Green (2), Datome (16), Melli (6) eta Lauvergne (15) –hasierako bostekoa–, Mahmutoglu (4), Kalinic (9), Sloukas (9), Guduric (1), Vesely (9) eta Duverioglu (-).

Epaileak: Sreten Radovic (Kroazia), Matej Boltauzer (Eslovenia) eta Uros Obrknezevic (Serbia). Ez dute inor kanporatu. Lau falta tekniko adierazi dituzte: Ilimane Diop (18. min) eta Pedro Martinez (36. min) etxekoen aldetik; Melih Mahmutoglu (24. min) eta Zeljko Obradovic (28. min) turkiarren aldetik.