Itxi

Baskonia

3. JARDUNALDIA

Kirolbet Baskoniak ezin izan dio aurre egin Real Madrilen puntu jarioari (97-79)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Horrenbestez, Pedro Martinezen mutilek garaipen bat eta bi porrot dituzte hirugarren jardunaldiaren amaieran. Pablo Lasorenek, aldiz, jokatutako hiru partidak irabazi dituzte.

  • Argazkia: EFE

    Argazkia: EFE

Real Madrilek saskiari begira une gozoa bizi duela erakutsi du beste behin, eta 97-79 irabazi dio Kirolbet Baskoniari Euroligako hirugarren jardunaldian. Arabarrek ezin izan diote madrildarren eraginkortasunari aurre egin (etxekoek 13 hiruko saskiratu dituzte 25 ahaleginetatik, hau da, % 52).

Horrenbestez, Pedro Martinezen mutilek garaipen bat eta bi porrot dituzte hirugarren jardunaldiaren amaieran. Pablo Lasorenek, aldiz, jokatutako hiru partidak irabazi dituzte., Fenerbahce eta CSKA Moskuk bezala.

Etxekoen aldetik, Sergio Llull balearra izan da bere taldeko agintea eraman duena 23 puntu eta 24ko balorazioarekin. Baskoniari dagokionez, Marcelinho Huertas eta Luca Vildoza joko-antolatzaileak (11 eta 14 puntu, hurrenez hurren) izan dira, Patricio Garinorekin batera (12 puntu eta 16ko balorazioa) Real Madrili arazo gehien sortu dieten jokalariak.

Norgehiagoka zaila izan da Baskoniarentzat; izan ere, Gasteizen jokatuko den Lauko Finaleko protagonistetako bat izan nahi duenak ezin izan dio aurre egin aurkariaren puntuak sartzeko ahalmenari, nahiz eta hirugarren laurdenean markagailua berdintzea erdietsi duen (65-65, 27. min). Alabaina, bi minuturen buruan, Llullek bere taldea goitik jarri du berriz ere bederatzi puntuko aldearekin (74-65), eta markagailuko ihesaldi hori behin betiko izan da.

Fitxa teknikoa:

Real Madril 97 (25+27+22+23): Causeur (11), Randolph (11), Tavares (7), Llull (23) eta Taylor (4) –hasierako bostekoa–, Rudy (14), Campazzo (6), Reyes (10), Carroll (5), Deck (2), Prepelic eta Ayon (4).

Kirolbet Baskonia 79 (19+25+23+12): Huertas (14), Janning (10), Diop (2), Granger (5) eta Shengelia (9) –hasierako bostekoa–, Penava, Vildoza (11), Voigtmann (5), Poirier (8), Garino (12) eta Hilliard (3).

Epaileak: Boris Ryzhyk (UKR), Emin Mogulkoc (TUR) eta Petri Mantyla (FIN). Tornike Shengelia kanporatu dute bost faltarekin(37. min).