Baskonia
ENDESA SUPERKOPA
Baskonia, finalera, Bartzelona kanporatu ostean
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Pedro Martinezen taldeak denboraldiko lehen titulu ofizialaren lehian arituko da larunbatean, talde katalana hiru puntuz azpiratu ostean (76-79).
-
Tornike Shengelia. Argazkia: EFE
Kirolbet Baskoniak Bartzelona Lassari irabazi dio ostiral honetan Santiagoko Fontes de Sar pabilioian jokatu den Superkopa Endesako lehen finalerdian (76-79). Atsedenaldira 34-49 iritsi dira, gasteiztarren alde.
Horrenbestez, Pedro Martinezen taldea denboraldiko lehen titulu ofizialaren lehian arituko da larunbatean, Real Madrilen aurka. Madrildarrek Monbus Obradoiro garaitu dute beste finalerdian (61-81).
Norgehiagokak gorabehera ugari izan ditu; izan ere, gasteiztarrak 20 puntuz irabazten egon dira zenbait unetan (36-56, 40-60), baina, azken txanpan, katalanek markagailua berdintzeko aukera izan dute.
Bartzelonak aurten fitxatu duen Kyle Kuric heldu-berria (16 puntu) partida berdintzeko zorian izan da azken jaurtiketan. Ondoren, Pierre Oriolak ere ez du asmatu, nahiz eta errebotea eskuratu duen.
Dena den, neurketan zehar nabaria izan da Baskoniak talde landuagoa duela une honetan, joan zen urteko hainbat jokalarik taldean jarraitzen baitute. Tornike Shengeliak ohi duen bezain ondo jardun ez badu ere, Vincent Poirier, saskipean, eta Patricio Garino, puntuak sartzen (16), fin aritu dira. Horrez gain, Shavon Shieldsek ere debut paregabea izan du, 13 puntu lortuta.
Fitxa teknikoa:
Bartzelona Lassa 76 (21+13+22+20): Heurtel (-), Blazic (3), Claver (13), Singleton (6) eta Tomic (9) –hasierako bostekoa- Pangos (10), Smits (9), Pustovyi (-) Oriola (8), Kuric (16) eta Font (2).
Kirolbet Baskonia 79 (22+27+17+13): Granger (8), Shields (13), Janning (6), Poirier (10) eta Voigtmann (5) -hasierako bostekoa- Vildoza (-), Huertas (6), Diop (5), Garino (16), Hilliard (3) eta Shengelia (7.)
Epaileak: Daniel Hierrezuelo, Emilio Perez Pizarro eta Carlos Peruga. Ez da kanporaturik egon.