Baskonia
Endesa Ligako finala
Kirolbet Baskoniak porrota jaso du eta finala berdinduta helduko da Buesara (98-91)
Agentziak | Erredakzioa
Hirugarren laurdeneko partzialak (31-13) erabat desorekatu du atsedenaldira oso berdinduta joan den neurketa. Igandean finaleko hirugarren partida jokatuko dute Buesa Arenan.
Real Madrilek irabazi egin dio ostiral honetan Kirolbet Baskoniari (98-91), batez ere hirugarren laurden izugarri bati esker (31-13), eta, horrenbestez, bana berdindu du Endesa Ligako finala, igandean Buesa Arenara bidaiatu aurretik.
Dena dela, Pedro Martinezen mutilak bi egun aurretik erakutsi zuten intentsitate berarekin kantxaratu dira. Hiruko festa nagusi izan den lehen laurdenean, Gasteizko taldeak abantaila zabalak izan ditu alde (17-27 edota 22-33), Matt Janningek hiruko marratik izan duen eraginkortasun aparta dela medio, batez ere. (28-33 amaitu da lehen laurdena).
Horren aurrean, hainbat taldekideren jarduera onarekin erantzun du Real Madrilek. Denen buru Gustavo Ayon eta Felipe Reyes pibotak agertu dira, Jeffery Taylor hegaleko suediarraren kanpo jaurtiketen laguntzarekin batera.
Horrela, 10-0eko partzial batekin eten dute gasteiztarren dinamika ona lehen laurdenaren amaiera eta bigarrenaren hasiera bitartean. Horrek etxekoen zaleak piztu ditu eta are gehiago aupatu dituzte jokalari zuriak. Hartara, atsedenaldira iristeko 4:17 falta zirenean, markagailua 36-40 izatetik 43-40 izatera pasatu da. Azkenik, neurketa ezin parekatuago iritsi da atsedenaldira (52-52).
Janningek 15 puntu zeramatzan ordura arte, bera izanik Baskoniaren jokalari nabarmenena; madrildarren aldetik, berriz, Trey Thompkins estatubatuarrak 11 sartu ditu lehen 20 minutuetan.
Gasteizko taldeak, baina, burua beste leku batean zeukala ekin dio bigarren zatiari. Real Madril horretaz ohartu da, eta ez du gupidarik izan. Erasoan zorrotz eta defentsan sendo arituta, hogei puntuko aldeak izatera heldu da (77-57, 2:29ren faltan eta 81-60, 1:12ren faltan). Hiru laurden jokatu eta gero, etxekoek partida hasieran espero ez zuten moduko abantaila izan dute euren alde (83-65).
Azken laurdenak markagailua itxuratzeko besterik ez dio balio izan Baskoniari. Aldi berean, Madrileko zenbait jokalarik hamar puntu edo gehiago pilatzeko aprobetxatu dute (Reyes, Doncic...).
Bereziki ondo aritu dena azken txanpan Jaycee Carroll izan da, arabarrak larregi hurbiltzea eragotzi duten bi hiruko garrantzitsu sartu baititu, baita distantzia erditik egindako zenbait jaurtiketa ere. Horrenbestez, garaipena etxean geratu da (98-91) azkenerako.
Finaleko hurrengo bi norgehiagokak Gasteizen jokatuko dira, igandetik hasita.
Fitxa teknikoa:
Real Madril 98 (28+24+31+15): Campazzo (6), Carroll (16), Tavares (4), Reyes (11), eta Taylor (9) -hasierako bostekoa-, Causeur (2), Doncic (11), Rudy (5), Llull (4), Thompkins (16) eta Ayon (14).
Kirolbet Baskonia 91 (33+19+13+26): Vildoza (7), Timma (4), Janning (18), Poirier (12) eta Shengelia (5) -hasierako bostekoa-, Voigtmann (2), Huertas (11), Malmanis (3), Beaubois (2), Diop (16), Granger (8) eta Garino (3).
Epaileak: Daniel Hierrezuelo, Benjamin Jimenez eta Oscar Perea. Kanporatutakoak: Edy Tavares (38. min) eta Rodrigue Beaubois (min. 39. min) bost falta personal egiteagatik.