Itxi

Baskonia

Endesa Ligako finalerdiak

Kirolbet Baskoniak galdu egin du eta laugarren partida jokatu beharko du (67-65)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Pedro Martinezen mutilak partidan sartuta egon dira une oro, baina igandera arte itxaron beharko dute finalerako txartela lortu ahal izateko.

5:42

Defentsako lana asko sendotu duen Bartzelona Lassak irabazi egin dio ostiral honetan Kirolbet Baskoniari (67-65), eta finalerdietako laugarren norgehiagoka jokatzea behartu du. Hurrengo lehia igandean izango da, 18:30etik aurrera, Palau Blaugranan bertan.

Partida geldoa eta taktikoa izan da gaurkoa, eta ez da azken txanpara arte erabaki, non etxekoek hobeto kudeatu dituzten tentsioz betetako uneak.

Ante Tomic bikain aritu da azken minutuetan (15 puntu, 7 errebote eta 26ko balorazioa guztira), eta horri esker bere taldeak aurre egin ahal izan dio neurketa osoan hiruko jaurtiketetan eraman duen zamari (22 saiakera eta 4 saskiratze besterik ez). Baskoniari, aldiz, bere jokalari iaioenek beren onena eman zezatela falta izan zaio.

Pesicek defentsan oinarritutako partida planteatu du, eta horrek erasoan deseroso sentitzea eragin dio Baskoniari; dena den, etxekoei ere kostatu egin zaie bere jokoan jarioa izatea.

Lehen laurdenean, Tomicek eta Navarrok eman diote argi apur bat Bartzelonaren jokoari; Baskonia, berriz, Poirierren bila aritu da (8 puntu eta 8 errebote lehen zatian). Beauboisek sartutako hiruko batek eman dio amaiera lehen laurden horri (18-19).

Hasierako jokatzeko era gris hori areagotu egin da bigarren laurdenean. Horren isla izan da tarte horretan izandako partziala (13-14). Tomic saski azpian ez zegoenean, Reynolds saiatu da kroaziarraren atseden uneak ahalik ondoen betetzen, baina bere taldeak Heurtelen ekarpena faltan bota du, oso eskas aritu baita hasierako zatian.

Etxekoen aldeko markagailu minimo bat izan ostean (30-29, 17. min), Shengeliak (11 puntu guztira) lau puntu sartu ditu jarraian, eta gasteiztarrak aurretik joan dira atsedenaldira (31-33).

Aldageletatik bueltan, Hangak etxekoen aginte makila hartu du. Pau Ribasen hutsunea dela-eta antolatzaile lanetan ibili den hungariarrak bere taldea gidatu du Baskoniak, Marcelinhoren eskutik, abantaila zabaldu behar zuela zirudienean (35-39, 24. min).

Alabaina, Palauko giroaren bultzada baliatuta, Bartzelona aurretik jarri da (45-41, 27. min) Moerman eta Tomicek borrokatutako puntuen bidez. Baina arabarrek estutu egin dute neurketa jaurtiketa libreetatik, azken hamar minutuen faltan (47-45).

Erritmo geldo eta saskiratzerik gabekoak jarraitu egin du azken laurdenaren hastapenean. Bartzelonak, ia nahi gabe, 8-0eko partziala lortu du Claverren sei puntu tarteko (55-50, 34. min).

Aitzitik, urduritasuna agertu da katalanen artean, eta Baskoniak, etxekoen baloi galduak aprobetxatuta, 0-7ko partziala erdietsi du 3 minutu eta 25 segundoren faltan (55-57).

Tomic kantxan zela, Bartzelonak bizirik iraun du azkenera arte, nahiz eta Beauboisek Baskoniari abantaila eman dion hiruko bat sartu duen amaiera heltzeko minutu baten faltan (64-65). Tomicek erantzun egin dio eta Huertasek jarraian falta egin du erasoan baloia galdu ostean (31 segundo geratzen ziren).

Bartzelonak ez du baloiaren jabetza aprobetxatu, baina 8 segundo geratzen zirela Baskoniak galdu egin du berriro baloia. Heurtelek jaurtiketa libreen gunetik itxi du norgehiagoka. Lehena sartu egin du, eta bigarrena hutsegitera bota du. Porierrek hartu du errebotea segundo bat geratzen zela, baina ezin izan du bere zelaitik jaurtiketarik egin Moermanek oztopatuta.

Fitxa teknikoa:

Bartzelona Lassa 67 (18+13+16+20): Hanga (10), Navarro (8), Jackson (-), Moerman (6), Tomic (15) –hasierako bostekoa-, Reynolds (7), Heurtel (8), Sanders (-), Koponen (4) eta Claver (9),

Kirolbet Baskonia 65 (19+14+12+20): Huertas (8), Janning (10), Timma (5), Voigtmann (1), Poirier (10) - hasierako bostekoa -, Vildoza (6), Beaubois (10), Diop (2), Granger (-), Shengelia (11) eta Garino (2).

Epaileak: Perez Pizarro, Jimenez Trujillo eta Carlos Peruga. Ez dute inor kanporatu.