Itxi

Baskonia

87-70

Baskoniak irabazi egin dio Unicajari eta abantaila hartu du kanporaketan

Erredakzioa

Kirolbetek 87-70 irabazi dio Malagako taldeari Endesa Ligako playofetako final-laurdenetako kanporaketako lehen partida.

Kirolbet Baskoniak 87-70 irabazi dio Unicajari Endesa Ligako playoffetako final-laurdenetako kanporaketako lehen partida. Buesa Arenan nagusi izan da Arabako taldea eta abantaila hartu du kanporaketan. Malagan jokatuko den bigarren partida irabaziz gero, finalerdietarako txartela lortuko du Baskoniak.

Parekatuta hasi da neurketa. Bi taldeek defentsa sendoa egin dute lehen laurdenean eta jabetza luzeak eta landuak izan dituzte. Abantaila txiki bat hartu du Unicajak (12-16), baina Vildozak jarraian sartutako 5 puntuen eraginez, aurrea hartu du Baskoniak lehen hamar minutuen amaieran (18-16).

Rodrigue Beauboisek hirugarren falta egin du bigarren laurdenean eta gauzak zaildu egin zaizkio Arabako taldeari, jaurtiketei dagokienez behintzat. Hala ere, Beaubois gabe ondo jokatu du Baskoniak, bost puntuko abantaila lortu du (29-24), eta atsedenaldira iristean 8 puntuko errenta eskuratu du (44-36).

Atsedenaldiaren ostean, ordura arte izan duen abantaila handiena lortu du Kirolbet Baskoniak (48-36), baina Unicajak ez du etsi, lanean jarraitu du, eta aldeak murrizten hasi da. Baskoniak minutu txar batzuk izan ditu hirugarren laurdenean eta Malagako taldeak 3 puntura murriztu du desabantaila (59-56).

Azken laurdenari 3 puntuko abantailarekin ekin dio Baskoniak eta kosta egin zaio markagailuan zuloa irekitzea. Timmaren bi hirukori esker eta Poirierrek egin duen birrintze baten ondorioz, Arabako taldeak 14-2ko partziala lortu eta 14 puntuko errenta eskuratu du, amaierarako 5 minutu falta zirenean (76-62). Hortxe bideratu du garaipena Baskoniak. Unicajari min egin dio jaso duen partzialak eta ezinezkoa egin zaio desabantaila murriztea. Amaieran, Kirolbet Baskonia irabazle (87-70).

Fitxa teknikoa:

87 - Kirolbet Baskonia (18+26+15+28): Huertas (11), Janning (7), Timma (12), Shengelia (5), Poirier (11) -hasierako bostekoa-, Vildoza (10), Voigtmann (5), Beaubois (9), Diop (9), Granger (6) eta Garino (2).

70 - Unicaja (16+20+20+14): Alberto Díaz (-), Nedovic (12), Dani Diez (11), Brooks (7), Augustine (3) -hasierako bostekoa-, Okouo (-), McCallum (9) Salin (7), Milosavljevic (9), Shermadini (5), Waczynski (-) eta Suarez (7).

Epaileak: Benjamin Jimenez, Francisco Jose Araña eta Sergio Manuel.