Baskonia
62-106
Baskoniak Betis jipoitu du eta tinko eusten dio bigarren postuari
eitb.eus
Arabako taldeak erakustaldia eman du Sevillan eta 62-106 irabazi dio Real Betis Energia Plus taldeari.
Kirolbet Baskoniak 62-106 jipoitu du Real Betis Energia Plus eta Endesa Ligako fase erregularra amaitzeko hiru jardunaldi falta direnean, tinko eusten dio sailkapeneko bigarren postuari. Hirugarren postuan den Bartzelonarekin berdinduta dago Arabako taldea, baina averagea alde du.
Hasiera ona eman dio Baskoniak lehiari, baina lehen laurdenaren erdialdera arte kosta egin zaio abantaila hartzea. Lehen 5 minutuak gainditu ostean, Arabako taldea nagusitzen hasi da, abantaila handiak lortzen hasi da, eta lehen 10 minutuak 14 puntuko errentarekin amaitzea lortu du (14-28).
Bigarren laurdenean ez da aldatu partidaren gidoia; Baskonia jaun eta jabe izan da, eta Betis ezinean ibili da. Betisek ezin izan du Arabako taldea gelditu. 26 puntuko abantaila izan du Arabako taldeak (19-45) atsedenaldira iristeko 4 minutu eta 37 segundo falta zirenean. Betis jostailu bat izan da Baskoniaren eskuetan eta talde gasteiztarra 30-52ko emaitzarekin heldu da atsedenaldira.
Atsedenaldiaren ostean, are nabarmenagoa izan da Baskoniaren nagusitasuna. Hirugarren laurdenean aldeak handitu eta handitu egin ditu Arabako taldeak eta 33 puntuko abantailarekin iritsi da azken laurdenera (47-80).
Dena erabakita egon da azken laurdenerako, baina Baskoniak berera jarraitu du; baita Betisek ere, baina Sevillako taldeak ezer gutxi egin ahal izan du aurkariaren nagusitasunaren aurrean. Baskoniak erakustaldia eman du, eta 62-106ko emaitzarekin irabazi du.
Fitxa teknikoa:
62 - Real Betis Energia Plus (14+16+17+15): Franch (5), Booker (6), Schilb (7), Kelly (10), Anosike (9) -hasierako bostekoa-, Golubovic (8), Urtasun (4), Cruz (2), Alfonso Sánchez (3), Nelson (1), Zagorac (2) eta Uriz (5).
106 - Kirolbet Baskonia (28+24+28+26): Huertas (13), Janning (21), Garino (9), Shengelia (19), Diop (3) -hasierako bostekoa-, Beaubois (9), Vildoza (8), Poirier (6), Timma (12) eta Voigtmann (6).
Epaileak: Aliaga, Torres eta Perez Perez. Kanporaturik gabe.