Itxi

Baskonia

play off-ETAKO LEHEN PARTIDA

Kirolbet Baskoniak galdu egin du Istanbulen, lehen zati kaskarra eginda (82-73)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Gasteiztarrek erreakzionatu egin dute aldageletatik bueltan, baina ez da nahikoa izan Fenerbahçeren kantxan irabazteko.

1:22

Kirolbet Baskoniak porrotarekin (82-73) ekin dio asteazken honetan Euroligako play-offetako lehen partidari. Apal antzera hasi dute norgehiagoka gasteiztarrek, eta hobeto amaitu duten arren, ez dute lehia irabazteko benetako aukerarik izan Fenerbahçeren etxean.

Pedro Martinezen mutilak ezinean aritu dira lehen zati guztian zehar, aparteko defentsa-lana egin duten turkiarren aurrean. Atzealdean egindako lan horren isla garbia izan dira lehen laurdenaren amaieran (21-11) eta bigarrenaren bukaeran (43-26) markagailuak erakutsi dituen emaitzak.

Kostas Sloukas greziarra (10 puntu eta 11 asistentzia) eta Jan Vesely txekiarra (20ko balorazioarekin) izan dira, besteak beste, etxekoen bidea erraztu duten jokalariak lehendabiziko bi lehen laurden horietan.

Baskoniaren aldetik, berriz, Tornike Shengelia georgiarra eta Luca Vildoza argentinarra izan dira jokalari nabarmenenak, baina euren ahalegina ez da nahikoa izan.

Atsedenaldiak mesede egin die baskoniarrei, eta 10 puntura hurbiltzea lortu dute, baina etxekoen susperraldi txiki batek 13ko aldea igoarazi du markagailura, hamar minuturen faltan (65-52).

Azken laurdenaren hasieran, arabarrek euren aurpegirik onena erakutsi dute, eta 0-6ko partzial batek partidaren lehian sartzen zituela eman du. Alabaina, Fenerbahçek aldea kontrolatzen jakin du, eta Kirolbetek ekinean jardun duen arren, turkiarrek sendo eutsi dute. Hartara, Brad Wanamakerrek jarraian sartutako zazpi punturen bidez norgehiagoka erabakita geratu da (82-73).

Fitxa teknikoa:

Fenerbahce Dogus 82 (21+22+22+17): Wanamaker (16), Nunnally (13), Kalinic (4), Thompson (4) eta Vesely (13) -hasierako bostekoa-, Sloukas (10), Guduric (5), Melli (5), Duverioglu (4) eta Datome (8).

Kirolbet Baskonia 73 (11+15+26+21): Huertas (6), Beaubois (13), Timma (5), Voigtmann (2) eta Poirier (4) -hasierako bostekoa-, Vildoza (12), Janning (11), Diop (4), Shengelia (16) eta Garino (-).

Epaileak: Sasa Pukl (Eslovenia), Borys Ryzhyk (Ukrainia) eta Carmelo Paternico (Italia). Ez da kanporaturik egon.