Itxi

Baskonia

27. jardunaldia

Baskoniak abantaila hartu du zortzigarren izateko bidean, Brose Bambergi irabazita

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Gasteiztarrek erraz azpiratu dute talde alemaniarra (103-79), eta, horrenbestez, play-offetara sailkatzerako lehian aurkari duten Makabi Tel Avivi partida bateko aldea atera diote.

  • Johannes Voigtmann defentsako lanetan Augustine Rubiten aurrean. Argazkia: EFE

    Johannes Voigtmann defentsako lanetan Augustine Rubiten aurrean. Argazkia: EFE

Baskoniak erraz asko azpiratu du Brose Bamberg talde alemaniarra (103-79) hasi eta buka menderatu duen partida batean, eta Euroligako lehen zortzien artean egoteko bidean berebiziko garrantzia duen urratsa eman du, Makabi Tel Avivek kale egin baitu jardunaldi honetan. Beraz, israeldarrak baino garaipen bat gehiago dute gasteiztarrek une honetan.

Etxekoek hastapenetik kontrolatu dute norgehiagoka, eta lehen laurden horrek baldintzatu egin du gainerako lehia guztia, eta hirugarrenean erabat hautsita geratu da.

Baskoniak taldekide askoren lanean oinarritu du bere garaipena, baina besteen gainetik Jayson Grangerren jarduna nabarmendu da: 17 minutuan 17 puntu sartu eta 7 asistentzia eman ditu.

Pedro Martinezen mutilek erabat kontzentratuta kantxaratu dira, Grangerrek ez baitu behar izan bost segundo baino gehiago lehen saskiratzea lortzeko. Seigarren minuturako 22-7 zen markagailuak islatzen zuen emaitza. Sailkapenean aukerarik gabe dagoen Bose Bambergek ahal izan duen moduan eutsi dio etxekoen erauntsiari, eta apur-apurka burua altxatu du atsedenaldira heltzerako (50-39). Suspertze apal horretan Musliren eta Wrighten erreboteek eta eta Zisis eta Hickmanen puntuek izan dute zerikusia.

Atsedenaldiaren ostean, Grangerrek eta Beauboisek (10 puntu hirugarren laurdenean) ez diote aukera gehiagorik eman aurkariari, eta hirukoen festa nagusi izan da tarte horretan. Horrez gain, Baskoniaren elastikoarekin kantxaratu den jokalari bakoitzak bere ekarpena egin du, eta aldea hogeita hamar puntu ingurura igo da (80-52). Joan zen astean Zalgirisen aurka gertatu legez, gasteiztarrek sobera izan dute azken laurdena.

Fitxa teknikoa:

Baskonia 103 (27+23+30+23): Granger (17), Janning (6), Timma (13), Malmanis (2) eta Poirier (10) -hasierako bostekoa-, Voigtmann (4), Vildoza (6), Beaubois (12), Diop (16), Shengelia (11), Garino (6) eta Martínez (-).

Brose Bamberg 79 (14+25+13+27): Zizis (17), Lo (2), Dorell Wright (8), Rubit (5) y Musli (8) -hasierako bostekoa-, Staiger (6), Mitrovic (4), Hickman (14), Nikolic (5), Radosevic (10) eta Mcdowell-White (-).

Epaileak: Sreten Radovic (Kroazia), Fernando Rocha (Portugal) eta Robert Vyklicky (Txekiar Errepublika). Ez da kanporaturik egon.