Baskonia
Endesa Liga
Baskoniak Badalonan irabazi du, eta sendo dabil bigarren posturako lehian
Agentziak | Erredakzioa
Pedro Martinezen gizonek Divina Seguros Joventut azken sailkatuaren etxean irabazi dute, aise, 61-75.
-
Rodrigue Beaubois, Kulvietisen aurrean, partidako jokaldi batean. Argazkia: EFE.
Badalonan jokatutako partidan, Endesa Ligako azken sailkatua den Divina Seguros Joventuten aurkakoan, igande honetan, Baskoniak 61-75 irabazi du, aise; azken sei neurketetan, Pedro Martinezen gizonek garaipena lortu dute, emaitza hori kontuan izanik.
Tornike Shengelia eta Jayson Granger ez zeuden, eta, horren ondorioz, talde gasteiztarrak ez du beste partida batzuetan izandako joko ona erakutsi, batez ere erasoan; bigarren zatian apurtu du Baskoniak partida, Johannes Voigtmann eta Ilimano Diopen eskutik; azken horrek defentsa oso ona egin dio Jerome Jordani.
Lehen zatian, huts asko
Joventutek eta Baskoniak ez dute asmatu, lehen zatian, bientzat erabakigarriak izaten diren kontu batzuetan. Etxeko taldea oso fin aritu da defentsan, baina hirukoetan huts egin du; izan ere, jaurti dituen lehen bederatzi hirukoak ez ditu saskiratu; eta Baskoniak, aldiz, hamaika baloi galdu dituzte erasoan. Ondorioz, markagailua parekatua zen atsedenaldian, 32-34.
Pedro Martinezen gizonek Simon Birgander Joventuteko jokalariaren lesioa baliatu dute, barnealdean mina egiteko, saskiaren azpian; Birganderrek, oso garrantzitsua bera, nahigabe emandako kolpea jaso du aurpegian.
Baskoniak bost puntuko aldea izan du lehen laurdenean (7-12, 7. minutuan), baina Joventutek erantzuna eman du, Conger eta Zagarsen puntuekin. 13-16 amaitu dira lehen 10 minutuak, eta bigarren laurdenean Voigtmannek eta Timmak 20-27koa ezarri dute, 15. minutuan; hala ere, atsedenaldia iritsi aurretik, Joventutek aldea murriztu ahal izan du; gasteiztarrak 2 puntu aurretik joan dira aldagelara, 32-34, Beauboisek sartutako bi jaurtiketa libreri esker.
Defentsa bikaina, Jordanen aurrean
Bi taldeek, bigarren zatiaren hasieran, lehenengoan erakutsitako ildoari eutsi diote, hau da, hainbat akats egin dituzte; etxekoek pairatu dute kalterik handiena, dena dela, Diopek lan oso ona egin baitu Jordanen aurka. Joventutek 10 puntu baino ez ditu sartu hirugarren laurdenean. Janis Timmasek eta Johannes Voigtmannek aurkarien edozein akats baliatzea lortu dute, eta bien artean 10 puntuko aldea kokatu dute, 42-52.
Voigtmannek bolada onean jarraitu du azken laurdenean, eta 15 puntu gainetik jarri ditu gasteiztarrak (44-59, 33. minutuan); etxekoek zailtasun handiak zituzten saskiratzeak sartzeko, eta bakarrik Laprovittolak asmatu du, bakarkako jokaldietan. Janningek, hiruko batekin, azken emaitza jarri du, 61-75ekoa.
Fitxa teknikoa:
61 - Divina Seguros Joventut (13+19+10+19): Laprovittola (15), Richard (6), Lopez-Arostegui (8), Gielo (9), Jordan (14) –hasierako bostekoa-, Conger (4), Birgander (-), Zagars (2), Vidal (-), Kulvietis (3), Nogues (-) eta Ventura (-).
75 - Baskonia (16+18+18+23): Huertas (8), Garino (3), Janning (6), Malmanis (-), Poirier (6) –hasierako bostekoa-, Vildoza (6), Timma (13), Voigtmann (16), Beaubois (11) eta Diop (6).
Epaileak: Perez Pizarro, Calatrava eta Mendoza. Nicolas Laprovittola kanporatu dute, bost falta egiteagatik (39. minutuan)