Baskonia
Euroligako 20. jardunaldia (83
Baskoniak Unicajari irabazi dio Timmaren azken orduko saskiratzearekin (83-85)
Agentziak | Erredakzioa
Hegaleko letoniarrak Baskoniari garaipena eman dion saskiratzea lortu du bi segundoren faltan, eta zortzigarren postutik garaipen bakarrera dago talde gasteiztarra.
-
Janis Timma jaurtiketa bat egiten. Argazkia: EFE
Baskoniak garaipen borrokatua eta meritu handikoa lortu du Unicajaren etxean (83-85), Euroligako 20. jardunaldian, bi segundoren faltan Janis Timma letoniarrak sartutako saskiratzearen bidez. Gaurko partida irabazi ostean, hurrengo fasea jokatzeko txartela ematen duten lehenengo zortzi postuetatik garaipen bakarrera geratu da talde gasteiztarra.
Pedro Martinezen mutilak egindako lehen zatian oinarritu dute, batez ere, bere garaipena. Tarte horretan ezin hobeto aritu da Jayson Granger joko-antolatzailea (14 puntu eta 8 asistentzia) bere taldekideen aurren. Gasteiztarrek hiru puntuko errenta lortu dute, eta hiruko jaurtiketen bidez (17 guztira) eutsi diote abantaila horri norgehiagokako azken txanpara iritsi arte. Orduan, Timma azaldu da saskiratze erabakigarria gauzatzeko.
Malagakoak bete-betean sartu dira neurketan hasieratik bertatik. McCallumek gidaritzapean eta Nedovicen puntuekin lehendabiziko abantailak lortu dituzte (18-6, 7. minutuan). Une horretan nagusi ziren erasoko errebotean ere, eta horrek aukera gehiago eskaini dizkie.
Grangerren erakustaldia
Etxekoak olatu gainean zeudela, arabarren entrenatzaileak Granger kantxaratu du, eta uruguaitarrak partida irauli du hiruko lerrotik bere taldekideen laguntzarekin (Baskoniak 7 hiruko erdietsi ditu bigarren laurdenean). Dena den, Unicajak Carlos Suarez eta Shermanidiri esker puntu zaparradari eutsi dio, eta atsedenaldira hiru puntukoa besterik ez da izan gasteiztarren aldea (43-46).
Bigarren zatian bisitariek defentsa lanean hobetzen jarraitu dute. Tarte horretan aste honetan kontratua bukatzen zaion Kevin Jones eta Janis Timma nabarmendu dira puntuak pilatzerako orduan, eta berriz ere errenta hiru puntu ingurukoa izan zedila ahalbidetu dute, nahiz eta Nedovic berriro azaldu den etxekoen mesedetan.
Dena erabakitzear zegoela, Nedovicek bere gain hartu du Unicajaren ardura (Adam Waczynskiren eta Alberto Diazen ekarpenarekin batera. Poloniarrak eta andaluziarrak bata bestearen atzetik sartu dituzten saskiratzeekin partida berdindu dute 5 segundoren faltan. Bazirudien luzapena jokatu beharko zela. Alabaina, hara non agertu den lehia aparta lehiatu duen Timma letoniarra Malagakoen itxaropenak azken unean zapuzteko.
Fitxa teknikoa:
Unicaja Malaga 83: McCallum (11), Nedovic (19), Milosavljevic (3), Brooks (7) eta Augustine (6) –hasierako bostekoa–; Soluade (-), Waczynski (9), Díaz (9), Salin (-), Shermadini (12) eta Suárez (7).
Baskonia 85: Timma (17), Huertas (-), Beaubois (10), Poirier (-) eta Jones (9) –hasierako bostekoa–; Vildoza (2), Voigtmann (9), Janning (6), Granger (14), Shengelia (13), Diop (-) eta Garino (5).
Partzialak: 21-19, 22-27, 21-11 eta 19-18.
Epaileak: Paternico (ITA), Mogulkoc (TUR) eta Koljensic (MON). Ez da kanporaturik egon.