Baskonia
86-74
Baskoniak porrota jaso du Teneriferen aurka
Erredakzioa
Arabako taldeak 86-74 galdu du Iberostar Teneriferen aurka. Azken 13 minutuetan behera etorri da Baskonia eta porrota jaso du.
Baskoniak 86-74 galdu du Iberostar Teneriferen aurka Endesa Ligako 16. jardunaldiko partida. Arabako taldea behera etorri da azken 13 minutuetan eta porrota jaso du. Koparako sailkapena jokoan izango du Baskoniak hurrengo jardunaldian Betisen aurka.
Lehen laurden kaskarra jokatu du Baskoniak eta Iberostar Tenerife nagusi izan da hasieratik amaieraraino. Bosgarren minutua pasa ostean abantaila hartu du etxeko taldeak (15-7 eta 19-11) eta lehen hamar minutuen amaieran 8 puntuko abantaila lortu du Tenerifek (21-13).
Bigarren laurdenean bere jokoa hobetu du Baskoniak. Pedro Martinezek zuzentzen duen taldeak defentsa gogortu du, aldeak murriztea lortu eta aurrea hartu du markagailuan (31-32) atsedenaldira iristeko 4 minuturen faltan. Maila ona mantendu du Arabako taldeak bigarren laurdenean eta hiru puntuko errentarekin iritsi da atsedenaldira (37-40).
Atsedenaldiaren ostean lehia parekatuta mantendu da, baina hirugarren laurdenaren azken txanpan Iberostar Tenerife nagusi izan da, alde egin du markagailuan (57-51) eta talde kanariarra zazpi puntu aurretik iritsi da azken laurdenera (64-57).
Amaierako hamar minutuetan behera etorri da Baskonia. Iberostar Tenerife jaun eta jabe izan da, Arabako taldeak ezin izan du talde kanariarra gelditu eta Baskoniak porrota jaso du (86-74).
Fitxa teknikoa:
86. Iberostar Tenerife (21+16+27+22): San Miguel (6), White (-), Ponitka (16) Abromaitis (17), Tobey (11) -hasierako bostekoa-, Bassas (2), Beiran (2), Vázquez (2), Vasileiadis (16), Allen (8) eta Niang (6).
74. Baskonia (13+27+17+17): Huertas (2), Beaubois (12), Timma (-), Poirier (9), Jones (2) -hasierako bostekoa-, Granger (5), Shengelia (25), Voigtmann (9), Janning (10), Diop (-) eta Garino (-).
Epaileak: Martin Bertran, Manuel eta Fernandez.