Itxi

Baskonia

Euroligako 17. jardunaldia

Baskoniak Olinpiakos jipoitu du Buesan (86-54)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Partida parekatuta iritsi da atsedenaldira (36-30), baina etxekoek hirugarren laurden ikusgarria egin ondoren, garaipen argia lortu dute.

  • Vicent Poirier eta Janis Timma defentsa-lanetan Kostas Papanikolauren aurean. Argazkia: EFE

    Vicent Poirier eta Janis Timma defentsa-lanetan Kostas Papanikolauren aurean. Argazkia: EFE

Baskoniak sona handiko eta ondo merezitako garaipena lortu du Euroligako 17. jardunaldian, Olinpiakos talde greziarra Buesa Arenan jipoitu eta gero (86-54). Gasteiztarrek partidari gaizki heldu badiote ere, gerora greziarrak baino gehiago izan dira jokoko alderdi guztietan. Gainera, Olinpiakoseko jokalariek etsi egin dute, eta bigarren zati lotsagarria jokatu dute.

Aipatu moduan, etxekoak ez dira ondo kantxaratu, eta lehendabiziko lau minutuak punturik sartu gabe igaro dituzte; alabaina, horren ostean, garaipen historikoa lortu dute Europako talde entzutetsuetako baten aurrean, gaur arte CSKArekin batera sailkapenaren buru zegoena.

Greziarrak oso gaizki jardun dute atsedenalditik bueltan: 12 baloi galdu dituzte, oso portzentaje pobrea lortu dute jaurtiketetan (56 jaurtiketa egin eta 19 saskiratze besterik ez) eta errebotean Baskonia baino askoz gutxiago izan dira (43-28).

Gasteiztarrek, ordea, talde lanean oinarritu dute euren garaipena, eta, modu horretan, Olinpiakosen aurka errenkadan izandako sei porroteko bolada eten dute. Jokalari guztiak aritu dira itxura onean, eta bakoitzak bere ekarpena egin du. Dena den, Johannes Voigtmann gailendu da besteen gainetik (19 puntu eta 23ko balorazioarekin). Harekin elkarlanean, Vincent Poirier (13 puntu eta 9 errebote) eta Rodrigue Beaubois (13 puntu) frantziarrak ere nabarmendu dira.

Norgehiagokaren hastapenean, Spanoulisen joko zuzendaritza apartak greziarren hasiera bikaina zuzendu du (0-8, 3. minutuan), eta erritmoa areagotuz joan dira kanpoko jaurtiketetan eta Printezisen lanean oinarrituta.

Baskoniak, bere aldetik, Rodrigue Beauboisen jarioa izan du lagungarri lehen partzialean. Ondoren, Garinok eta Poirierrek hartu diote txanda joko-antolatzaileari, eta barruko jokoan nagusitzen hasi dira. Horrek errebotea ixtea eta puntuak era jarraituagoan lortzea ekarri du berekin. Hartara, atsedenaldira aurretik heldu dira markagailuan (36-30), 7 eta 0eko azken partzialarekin.

Aldageletatik bueltan, Ioannis Sfaropoulosen gizonek negargarri jokatu dute. Hainbat baloi galdu dituzte bata bestearen atzetik, erasoko jaurtiketetan bataz besteko txarrak lortu dituzte eta oso lan eskasa egin dute defentsan. Hori ikusita, Voigtmannek saski azpian min handia egin die, baita Beauboisek ere kanpoko jaurtiketekin. 36-14 izan da tarte horretako partziala, eta horrek argiro islatzen du bataren zein bestearen jarrera zein izan den.

Aitzitik, etxekoek ez dute erritmoa jaitsi (78-44), eta talde greziarra astintzen jarraitu dute azken unera arte, batez ere azken aldera Diopek egindako ekarpenaren bitartez.

Garaipen honekin, hurrengo fasean aritzeko sailkapena ematen duen zortzigarren postutik garaipen bakarrera kokatu da Baskonia.

Fitxa teknikoa

Baskonia 86: Granger (5), Beaubois (13), Timma (-), Poirier (13) eta Jones (-) –hasierako bostekoa– Vildoza (6), Shengelia (9), Voigtmann (19), Garino (7), Janning (8) eta Diop (6).

Olinpiakos 54: Mantzaris (6), Spanoulis (6), Papanikolau (5), Printezis (13) eta Milutinov (6) –hasierako bostekoa– Papapetrou (3), McLean (5), Roberts (2), Strelnieks (1), Wiltjer (-), Thompson (5) eta Bogris (2).

Partzialak: 16-21, 20-9, 36-14 eta 14-10.

Epaileak: Lamonica (ITA), Latisevs (LET) eta Nedovic (SLO). Olinpiakoseko McLean jokalaria