Itxi

Baskonia

85-82

Baskoniak garaipena eskuratu du Bartzelonaren aurka

Erredakzioa

Arabako taldeak 85-82 irabazi du Buesa Arenan Euroligako 14. jardunaldiko partida. Abantaila handiak izan ditu Gasteizko taldeak, baina azken laurden kaskar baten ostean, gehiegi sufritu du.

  • Shengelia eta Oriola, Baskonia-FC Bartzelona Lassa. Argazkia: EFE

    Shengelia eta Oriola, Baskonia-FC Bartzelona Lassa (85-82) partidan. Argazkia: EFE

Baskoniak garaipena lortu du Bartzelona Lassaren aurka (85-82) Buesa Arenan, Euroligako 14. jardunaldiko partidan. Ondorioz, asteazkenean Milanen aurka jasotako porrota ahaztu ahal izan du Arabako taldeak.

Bikain ekin dio partidari Baskoniak eta seigarren minuturako zazpi puntuko abantaila hartu du (18-11). Lehen laurdenaren azken txanpan, ordea, Bartzelonak aldeak murriztu ditu (22-17). Bigarren laurdenean nagusi izan da Baskonia eta erakustaldia eman du Pedro Martinezek zuzentzen duen taldeak. Ondorioz, 17 puntuko abantailarekin iritsi da Baskonia atsedenaldira (52-35).

Atsedenaldiaren ostean, Arabako taldeak nagusi izaten jarraitu du. Bartzelona ezinean ibili da, eta 17 puntuko errentarekin amaitu du Baskoniak hirugarren laurdena (74-57). Ematen zuen partida erabakita zegoela, baina Bartzelona aldeak murrizten hasi da, Baskonia erlaxatu egin da, eta amaierarako bost minutu falta izan direnean, neurketa berdindu du (74-74) 'Sito' Alonsok zuzentzen duen taldeak. Ondorioz, azken minutuak oso parekatuak izan dira. Gainera, azken minutuan aurrea hartu du Bartzelonak (81-82). Azken jabetzak, ordea, ondo jokatu ditu Baskoniak eta garaipena eskuratu du, uste baino estuasun gehiagorekin (85-82).

Fitxa teknikoa:

85 - Baskonia (22+30+22+11): Huertas (4), Janning (7), Timma (10), Shengelia (24) eta Poirier (14) -hasierako bostekoa-, Beaubois (7), Kevin Jones (8), Voigtmann (3) eta Granger (8).

82 - Bartzelona Lassa (17+18+22+25): Heurtel (8), Koponen (-), Sanders (2), Oriola (9) eta Seraphin (8) -hasierako bostekoa-, Ribas (15), Claver (2), Moerman (2), Hanga (14), Navarro (11) eta Tomic (11).

Epaileak: Luigi Lamonica (Italia), Piotr Pastusiak (Polonia), eta Spiros Gkontas (Grezia).