Itxi

Baskonia

94-71

Baskoniak Bilbao Basket jipoitu du euskal derbian

Erredakzioa

Arabako taldeak 94-71eko emaitzarekin lortu du garaipena Buesa Arenan RETAbet Bilbao Basketen aurka.

4:59

Baskoniak nagusitasunez irabazi dio RETAbet Bilbao Basketi (94-71) Buesa Arenan jokatu den Endesa Ligako euskal derbia. Pedro Martinez Baskoniako entrenatzaileak 800 partida bete ditu.

Partidak hasiera oso parekatua izan du. Lehen saskiratzea Bilbao Basketek sartu du. Ondoren, Baskoniak hiruko batekin erantzun du, baina bi taldeetako batek ere ez du lortu markagailuan ihes egitea. Arabako taldeak sei puntuko abantaila eskuratu du lehen laurdenean zehar (15-9), baina azkar erreakzionatu du Bilbao Basketek eta aldeak murriztu ditu, puntu batera kokatuta (17-16). Lehen hamar minutuetan kantxan ikusi den parekotasunaren erakusle izan da markagiluak adierazi duen berdinketa (21-21).

Bigarren laurdenari hiruko batekin ekin dio RETAbet Bilbao Basketek (21-24). Baskonia, ordea,  nagusitzen hasi da pixkanaka eta berriro aurrea hartu ostean, abantaila politak lortzen hasi da Pedro Martinezek zuzentzen duen taldea (38-29). Ondorioz, zazpi puntuko abantaila eskuratu du Baskoniak neurketa atsedenaldira iritsi denean (43-36).

Atsedenaldiaren ostean, partidak Baskoniaren aldera egin du. Pedro Martinezek zuzentzen duen taldea nagusi izan da hirugarren laurdenean eta garaipena bideratu du. Bilbao Basket ezinean ibili da, eta Arabako taldeak 14 puntuko abantaila eskuratu du (67-53).

Azken laurdenerako dena erabakita egon da. Baskoniak gozatu egin du partida kontrolpean edukita, eta aurretik lortutako abantaila handituta. RETAbet Bilbao Basketek bere bolada txarra luzatu du, eta partida Baskoniaren garaipen erosoarekin amaitu da (94-71).

Fitxa teknikoa:

94 - Baskonia (21+22+24+27): Huertas (9), Janning (20), Timma (11), Shengelia (12) eta Poirier (8) -hasierako bostekoa-, Kevin Jones (12), Voigtmann (10), Malmanis (-), Beaubois (8) eta Granger (1).

71 - RETAbet Bilbao Basket (21+15+17+18): Fischer (10), Hammink (4), Mumbru (21), Hervelle (7) eta Gladness (8) -hasierako bostekoa-, Todorovic (8), Salgado (3), Redivo (10), Devin Thomas (-) eta Vucetic (-).

Epaileak: Jose Antonio Martin Bertran, Francisco Araña eta Jorge Martinez.