Itxi

Baskonia

Euroligako 9. jardunaldia

Baskoniak garaipena lortu du Izar Gorriaren etxean (81-85)

Agentziak | Erredakzioa

Gasteiztarrek lau garaipen erdietsi dituzte Euroligako azken bost partidetan, eta tinko jarraitzen dute sailkapeneko goiko postuei begira.

5:03

Baskoniak Izar Gorriaren kantxa zailean irabazi du ostegun honetan, Euroligako bederatzigarren jardunaldian, nahiz eta azken laurdenean serbiarrak partidari buelta emateko zorian egon diren. Horrenbestez, gasteiztarrak lau garaipen eta bost porrotekin daude sailkapenean, errenkadan lortu duten hirugarren garaipenari esker.

Pedro Martinezek taldearen gidaritza hartu zuenetik, arabarrak aurrerapausoak ematen ari dira bata bestearen atzetik, aurreko denboraldietako talde sendoa bihurtzeko bidean. Gaurkoan, Kombank Arena kantxa beroan, Baskonia nagusi izan da, Voigtmannen (17 puntu, 8 errebote eta 5 asistentzia) eta Shengeliaren (16 puntu eta 23ko balorazioa) lan onaren eskutik. Batak zein besteak Belgradeko pabiloiak eskatzen duen oldarkortasuna azaldu dute.

Hartara, bisitariak etxekoak baino eraginkor agertu dira hasieratik (17-22, lehen laurdenaren amaieran). Aitzitik, Izar Gorria indartsuago atera da bigarren laurdenean, baina ezin izan du gasteiztarrek zuten aldea txikitu; are gehiago, atsedenaldira iritsi direnean, Gasteizkoek 12 puntuko abantaila zuten alde, Shengeliaren lan onari esker.

Pedro Martinezen mutilen aldetik, Janningek eta Timmak ere norgehiagoka ona jokatu dute, eta, taldekide guztien lan onaren ondorioz, aurretik iritsi dira azken laurdenera (57-64). Alabaina, zenbait baloi galdu dituzte laugarren laurden horretan, eta serbiarrek markagailua irauli, eta aurretik jartzea lortu dute hirukoen bitartez eta Lessortek jarraian sartu dituen zortzi puntuen bidez.

Amaierara heltzeko lau minuturen faltan, Dobricek bere gain hartu du etxekoen ardura, baina gauza bera egin dute Janningek, Voigtmannek eta Shengeliak Baskonia taldean, eta, azkenerako, garaipena Gasteizera bidean jartzea lortu dute.

Real Madrilen eta Zalgirisen aurka garaipen handiak eskuratu eta gero, sufritzen ere badakiela erakutsi du Baskoniak.

Fitxa teknikoa:

Izar Gorria 81 (17+21+19+24): Rochestie (4), Lazic (2), Feldeine (10), Bjelica (9), Lessort (19) —hasierako bostekoa—, Jovanovic (5), Radicevic (-), Davidovac (7), Dangubic (-), Dobric (17), Jankovic (8) eta Apic (-).

Baskonia 85 (22+25+17+21): Granger (6), Janning (13), Timma (15), Malmanis (3), Poirier (2) —hasierako bostekoa—, Shengelia (16), Huertas (3), Beaubois (10), Voigtmann (17), Vildoza (-) eta González (-).

Epaileak: Carmelo Paternico (Italia), Elias Koromilas (Grecia) eta Sergio Silva (Portugal). Kaleratutako jokalariak: Vincent Poirier (Baskonia).