Itxi

Baskonia

Kretan

Baskoniak eta Olinpiakosek Euroligari ekingo diote hainbat lesionaturekin

Agentziak | Erredakzioa

Partida Kretan jokatuko da, Euroligak Olinpiakos zigortu baitzuen joan zen denboraldian jarraitzaile greziarrek Anadolu Efesen aurkako kanporaketan sortu zituzten istiluengatik.

  • Shengelia, Herbalifen aurkako partidan. Argazkia: EFE

    Shengelia, Herbalifen aurkako partidan. Argazkia: EFE

Baskoniak eta Olinpiakosek ostegun honetan abiatuko dute aurtengo Euroligako ibilbideari, batak zein besteak zenbait jokalari garrantzitsu lesionatuta dituztela euren taldeetan.

Priogioniren taldeak Euroligako bere mamuari egingo dio bisita, duela 11 urtetik ez baitute garaipenik lortzen greziarren aurrean bisitari moduan.

Garaipen hura 2006-2007 denboraldiko play offetan eskuratu zuten gasteiztarrek 89-95eko emaitzarekin.

Ostegun honetako norgehiagoka bi taldeek dituzten bajengatik dago baldintzatuta. Baskoniaren aldetik, Rodrigue Beaubois frantziarra arazo fisikoekin dago berriro ere. Klubak baieztatu egin du ez dela greziarren aurka arituko. Beauboisen bajari, Patricio Garino argentinarrarena, Jordan McRae estatubatuarrarena eta Ivan Martinezena batu behar zaizkio.

Greziarrei dagokienez, berriz, Vassilis Spanoulisen hutsunea da nabarmenena. Brian Roberts, aldiz, jokatzeko moduan egongo da, nahiz eta asteburuan ez zuen jokatu Greziako ligako partidan.

Olinpiakosen eta Baskoniaren arteko lehia horretan azpimarratzeko beste alderdi bat hauxe da: partida Kretan jokatuko dela; izan ere, Euroligak Olinpiakos zigortu zuen joan zen denboraldian jarraitzaile greziarrek Anadolu Efesen aurkako kanporaketan sortu zituzten istiluengatik.

Giannis Sfairopoulos entrenatzaileak talde orekatua osatzen duten eskarmentu handiko jokalariak ditu bere aginduetara. Aurpegi berrien artean, Kim Tillie baskonista ohia dago, eta berarekin batera Georgios Bogris, Hollis Thompson edo Jamel McLean dira heldu berriak direnak, barne jokoa osatzeko. Joko-antolatzailea ere berria dute: Janis Strelnieks letoniarra.

Aipatutakoei Georgios Printezis, Kostas Papanikolau eta Vangelis Mantzaris gehitu behar zaizkie, besteak beste.