Baskonia
Euroliga
Baskoniak porrota jaso du CSKAren aurka lehen partidan
Erredakzioa
Arabako taldeak 98-90 galdu du Moskun, partida ona jokatu arren. Euroligako final-laurdenetako kanporaketan, 1-0 atzetik da Baskonia.
-
Shengelia durante el CSKA-Baskonia (98-90). Argazkia: EFE
Baskoniak porrota jaso du CSKA Mosku taldearen aurka (98-90) eta Euroligako final-laurdenetako kanporaketako lehen partida galdu du. Ondorioz, 1-0 dago atzetik kanporaketan.
Arabako taldeak lortu du norgehiagokako lehen saskiratzea, baina azkar erantzun du CSKAk, eta Errusiako taldea nagusitzen hasi da. Lehen laurdeneko minutu batzuetan oso gaizki pasatu du Baskoniak, eta errusiarrek 11 puntuko abantaila lortu dute (21-10). Baskoniak, ordea, abantaila zazpi puntura murriztea lortu du (26-19) lehen hamar minutuen amaieran. Bigarren laurdenean gauzak apur bat aldatu dira, eta Sito Alonsok zuzentzen duen taldeak jokoa hobetu du, bai defentsan, bai erasoan. Ondorioz, lehia estutzea lortu du Baskoniak, eta atsedenaldirako 3'45" falta zirenean, aurrea hartu du markagailuan: 33-35. Aldageletara joateko 1'14" falta zirenean, hiru puntuko abantaila hartu du Baskoniak (37-40), baina, azkenean, CSKA aurretik iritsi da atsedenaldira, lau puntuko abantailarekin (44-40).
Atsedenaldiaren ostean, Baskoniak hirugarren laurdenetan izaten duen ohiko deskonexioa izan du. Arabako taldea ez da fin ibili, eta, gainera, Diopi adierazi dioten kirolez kontrako faltari esker, CSKAk hamar puntuko abantaila lortu du hirugarren laurdenean: 72-62. Azken laurdenari bikain ekin dio Baskoniak, eta aldea murriztea lortu du. Partida bukaerarako bost minutu falta zirenean, Baskoniak berdinketa jarri du markagailuan (80-80), eta amaierarako bi minutu falta zirenean ere, partida berdinduta zegoen (88-88). Ondoren, Arabako taldeak aurrea hartu du markagailuan (88-90), baina azken minutu eta erdian CSKA nagusitu da, Baskonia ez da fin ibili aurkariaren saski aurrean eta, azkenean, Moskuko taldeak lortu du garaipena (98-90).
Fitxa teknikoa:
98 - CSKA Mosku (26+18+28+26): Jackson (8), De Colo (17), Kurbanov (6), Hines (6), Vorontsevich (5) —hasierako bostekoa—, Khryapa (2), Teodosic (22), Augustine (9), Fridzon (6), Antonov (5) eta Higgins (12).
90 - Baskonia (19+21+22+28): Larkin (17), Beaubois (13), Budinger (8), Tillie (2), Diop (5) —hasierako bostekoa—, Hanga (12), Shengelia (12), Voigtmann (12), Laprovittola (-), Blazic (-) eta Luz (9).
Epaileak: Damir Javor (Eslovenia), Robert Lottermoser (Alemania) eta Piotr Pastusiak (Polonia).